Pako Revueltas antzezle eta antzerki zuzendaria BERRIAren akziodun egin zen 2003an, proiektua abiatu zenean. «Beraz, orain dela gutxi, BERRIAlaguna kanpaina dela-eta, deitu egin zidaten, ea ziztada emango nuen galdetuz». Antzerkigileak diruz «larri» ibiltzen direnez, beste modu batean laguntzeko prest egongo litzatekeela erantzun zuen Revueltasek. Hortaz, BERRIAlaguna kanpainaren aldeko antzerki gala antolatu du datorren uztailaren 1erako. Gala galanta izena jarri dio, eta Bilboko Pabellon 6 aretoan egingo da.
«Ekinaldi soziala» izango da, antolatzailearen iritziz. Bost antzezlanek osatuko dute. «Baina ez dira bere osotasunean egingo, bestela lau ordu iraungo luke eta emanaldiak. Irrien Lagunak-en Eguzkiaren bidaia izango da oso-osorik antzeztuko den obra bakarra». Goizeko emanaldiak ordubeteko iraupena edukiko du, eta iluntzekoak, berriz, ordu eta erdi ingurukoa.
Lau pieza antzeztuko dituzte iluntzean. «Ramon Agirre eta Inaxio Tolosak, adibidez, haien Xentimorik gabe obraren zati bat garatuko dute». Halere, egongo dira ikuskizunerako propio prestatutako lanak. «Galder Perezek eta Ane Zabalak, esaterako, haien 8 Begi obraren zati bat egokituko dute Gala Galanta-rako. Gauza bera egingo dute Dejabu / Metrokoadroka konpainiako kideek». Ander Lipusek, berriz, obren arteko «zubi lana» egingo du, «aurkezle gisa hainbat pertsonaia antzeztuz».
Revueltasek ez daki obrek haien artean «zerbait komunean» ote daukaten, baina iruditzen zaio, behintzat, ez direla dramak. «Gainera, tonu batean egin ohi dira galak, eta esango nuke kasu honetan jolas tonua duela». Ez du horretan gehiegi pentsatu, baina ukitu ludiko hori ematea egungo egoerari kontra egiteko modu bat izan daitekeela pentsatzen du. «Ez dakit zenbat jende etorriko den, baina gu laguntzeko prest gaude, eta hor gaudela erakutsi nahi dugu». Eguerdiko ikuskizuneko sarrerak 5 euro balio du, eta iluntzekoak, berriz, 10.
Jolas ukituko ekinaldi soziala
BERRIAlaguna kanpainaren aldeko antzerki gala egingo da uztailaren 1ean, Bilboko Pabellon 6 aretoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu