Eskubideen urraketak artearen bidez salatzeko eta hausnarketa egitera bultzatzeko tartea eskainiko du Donostiako Giza Eskubideen X. Zinemaldiak. Urraketa horietaz hitz egingo duten Euskal Herriko bi film eskainiko dituzte jaialdian: Jon Maiaren Gazta zati bat eta Oriol Andres, Carlos Castro eta Gemma Garcia zuzendarien Ziztadak. Aurtengo jaialdian hamasei film lehiatuko dira sail ofizialean, tartean Maiarena. Mathieu Kassovitzen L'ordre eta la morale filmak irekiko du lehiaketa. Ziztadak sail berean aurkeztuko dute, baina lehiaketaz kanpo. Horrekin batera, Gazteen Sarirako hamalau film labur lehiatuko dira, tartean Angel Maria Sandimasen Gernika, Jose Luis Zumetaren parte hartzearekin. Hilaren 20tik 27ra iraungo du jaialdiak.
Lehiaketetako sariez gain, Iciar Bollain zuzendariari emango diote aurtengo Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria, eta haren ibilbidea omenduko dute También la lluvia filma eskainiz. Josemi Beltran Donostia Kulturako Zinema arduradunaren esanetan, Bollainen atzetik zebilen jaialdia aspalditik: «Zuzendari diren emakume gutxi daude oraindik, baina gainera, Bollainen ibilbidea aparta izan da, eta hasieratik giza eskubideen urraketak salatzen aritu da bere filmetan. Horregatik aukeratu dugu». Bestalde, Amnesty Internationalek ere sari bat emango du.
Euskarazko bederatzi film emango dituzte; horietako hiru, haurrentzako saioan. Pelikulez gain, solasaldiak eta erakusketak antolatu dituzte, eta Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena gogoratzeko saio berezia eskainiko dute. Filmen zuzendari eta aktore gehienak gonbidatu dituzte solasaldietara.
Jon Maiaren 'Gazta zati bat' filma Giza Eskubideen Zinemaldian lehiatuko da
Mathieu Kassovitzen film berriak irekiko du Donostiako jaialdia; 16 film eta 14 labur lehiatuko dira guztira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu