Jon Urdapilleta 14 urteko pianistak zabalduko du Interprete Gazteen zikloa

Donostiako Musika Hamabostaldiak ziklo horretarako eta musika garaikidekorako sarrerak salgai jarri ditu

Jon Urdapilleta. MUSIKA HAMABOSTALDIA.
Erredakzioa
Donostia
2011ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Donostiako Musika Hamabostaldiaren harira, abuztu amaieran izango dira Interprete Gazteen zikloa eta Musika Garaikidearen Zikloa. Atzo jarri zituzten salgai bietarako sarrerak. Musikari gazteen zikloa abuztuaren 22an hasiko da, Jon Urdapilleta piano jotzailearekin. 14 urte besterik ez duen musikaria Hamabostaldiko parte hartzailerik gazteena da, eta kontzertuan Bach, Chopin, Liszt eta Haydnen lanak joko ditu, beste batzuen artean.

Bigarren kontzertua ere piano jotzaile baten esku egongo da. Elena Enderberya Donostia Hiria Nazioarteko Piano Lehiaketako garailea da, eta abuztuaren 23an Mendelssohn, Liszt eta Smentaren obrak eskainiko ditu, besteak beste. Musikeneko taldeen txanda izango da abuztuaren 24an eta 25ean: Jeux D'Anches akordeoi bikotea eta Adsax taldeko saxofoi jotzaileak igoko dira oholtza gainera, hurrenez hurren. Abuztuaren 26an Jonathan Mesoneroren emanaldia izango da: Nicanor Zabaleta 2010 bekaren irabazlea da Mesonero, eta Debussy eta Ravel daude interpretatuko dituen konpositoreen artean. Gran Pausa haize boskoteak itxiko du zikloa, abuztuaren 27an, Arnold eta Parkerren lanekin tartean. Zikloko emanaldi guztiak Miramar jauregian izango dira, 20:00etan.

Ziklo garaikidea

Musika Garaikidearen zikloari dagokionez, Kursaaleko erabilera anitzeko aretoetan izango da. Mario Formeti piano jotzaileak abiatuko du abuztuaren 23an, Liszt inspections emanaldiarekin. Abuztuaren 24an, Smash Ensemble taldeak tamaina errealeko txotxongiloekin kontzertu deigarria eskainiko du, Bernaola eta Pierrot Lunaire lanak interpretatuz. Hirugarren kontzertuan Trio Salzedo hirukotea taularatuko da, abuztuaren 25ean, Zuriñe Gerenabarrena gasteiztarrak sortutako Iruleak lana estreinatzeko. Abuztuaren 26an, Klem (Kuraia Laboratorio eta Electroacustica Musikal) eta Siboberri txistulari taldeak ariko dira: Jabier Ituarteren Zuiriketa 2, Maria Eugenia Luc-en Zargan, Iñaki Estradaren Hiru, eta Mikel Chamizoren Enbor lanak aurkeztuko dituzte. Bukatzeko, abuztuaren 27an, Alberto Posadasen Vocem flentiun lana estreinatuko du Etxaudik.

Bestalde, Alexis Delgado eta Iñaki Salvador abuztuaren 5ean Viktoria Eugenian ematekoak diren kontzertuak bigarren saio bat izango duela jakinarazi dute Hamabostaldiaren arduradunek, lehenak izan duen harrera onagatik. Izan ere, berehala saldu ziren sarrera guztiak. Bachen omenezko Juan Sebastian Jazz kontzertuan, musika klasikoa eta jazza uztartuko dituzte bi piano jotzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.