Datorren maiatzaren 31 arte egongo da zabalik, eta Maria de Corral eta Lorena Martinez de Corralek komisariatu dute. Bigarrenaren esanetan, Ballesterren (Madril, 1960) gaitasun analitiko eta deskriptiboa hain da handia, ezen "bakarrak" bihurtzen dituen sortzen dituen argazkiak. "Mundu propio bat erakusten du, errealitatearen eta fikzioaren artean dagoena. Errealitateak sortzen dituen eszenografoa dirudi, ikusleak ez baitu jakiten parean daukana errealitatea ala fikzioa den". Hain zuzen, arkitekturaren eta hiriaren arteko, margolaritzaren eta argazkigintzaren arteko, edo artifizialaren eta naturalen arteko "igurtzi espazioak" bilatzeak hauspotzen du bere lana, egileak berak gaur Donostian adierazi duenez.
Ballester argazkilaria, grabatzailea eta margolaria da, eta, hain zuzen, lehen bietan sari garrantzitsuak irabazitakoa da: Espainiako Grabatugintzako Sari Nazionala 2006an, eta Espainiako Argazkigintzako Sari Nazionala 2010ean, adibidez.
Espazio ezkutuak
Serieetan banatuta dago mostra, eta horietako batek Espazio ezkutuak dauka izena. Bost argazki bildu ditu hor, eta horietako hiru margolan ezagun klasikoen manipulazio digitalak dira: Leonardo Da Vinciren Azken afaria (1495-1497) eta Fra Angelicoren Deikunde baterako tokia I eta II (1426). Jatorrizko oihaletan agertzen ziren pertsonaiak ezabatu ditu Ballesterrek horietatik, ordea. "Beraz, natura eta arkitektura bihurtzen dira margolaneko gai nagusi. Obrako alderdi narratiboak ezabatuta, gauzen aurrezarritako ordena aldatzen duzu, eta ezkutuan zeuden espazio batzuk agertzen dira eszenan, hondoa bera protagonista bihurtuz".
Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak ekoitzitako erakuketa da, eta 2013ko otsailean Madrilgo Tabacalera gunean inauguratu zuten. Gero, gainera, Zaragozako IAACC Pablo Serrano Institutuan ere egon da ikusgai.