Hurrengo urtean Joseba Jaka hil zela 20 beteko direla urte gogoratuz, Joseba Jaka beka deialdia zabaldu du berriro Elkar Fundazioak, ia hamar urteko etenaldiaren ondoren. Eleberri eta narrazio bilduma baterako proiektua izango da aukeratua, 2016ko urtarrilaren 29a baino lehen aurkezten diren guztien artean; 2016ko apirilean jakinaraziko da zein den proiektu irabazlea; eta, azkenik, 2017an Elkar argitaletxeak argitaratuko de bekaren laguntzaz idatzitako nobela edo narrazio bilduma.
Bekaren zuzkidura 10.000 eurokoa izango da, eta epaimahaia Joxe Azurmendik, Karmele Jaiok eta Iratxe Retolazak osatuko dute, Elkar argitaletxeko editore batekin batera; editore horrek ez du, alabaina, botorik izango.
Bi urtetik behin egingo du Elkar Fundazioak Joseba Jaka bekarako deialdia, eta aurreragoko deialdietan, 2018koan hasita, laguntza hau beste arlo eta diziplina batzuetara zabalduko da deialdia.
Joseba Jaka bekaren deialdiak etetea 2006an erabaki zuen Elkar Fundazioak, “hausnarketarako” aldi bat zabaltzeko, Joxemari Sors Elkar Fundazioko lehendakariak azaldu duenez, bi arrazoi nagusirengatik: batetik, kultur kontsumoan gertatutako “paradigma aldaketa” eta krisi ekonomikoa; bestetik, fundazioaren barruko “belaunaldi aldaketa”.
1996tik 2006ra bitartean, orotara, 239 proiektu aurkeztu ziren Joseba Jaka beken deialdietara, eta beka jasotako 41 liburu argitaratu ziren.