Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak jakinarazi duenez, Joseba Sarrionandia idazle eta iheslariak gaur egun ez dauka auzirik zabalik Espainiako Justiziarekin, hura zigortu zuten auzi denak preskrituta daudelako.
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Estatuko Fiskaltza nagusiari txostena helarazi dio eta, haren arabera, Sarrionandiak 1980 eta 1985 arteko zazpi auzirekin zerikusia izan zuen, ETArekin harremana zuelakoan. Hiru auzi artxibatu egin zituzten, beste hirutan Sarrionandia zigortu egin zuen Justiziak —hiru, hamazazpi eta bederatzi urteko espetxe zigorrak, eta denera hiru milioi pezeta inguruko kalte-ordaina— eta batean absolbitu. Zigorra jasotako auziak preskrituta daude egun, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak esan duenez.
1985etik ihesean da Sarrionandia (Iurreta, 1958). ETAko kidetzat jota Martutene Donostiako kartzelan zeukaten, eta alde egitea lortu zuen, espetxeko kontzertu bat baliatuz.
Literaturako Euskadi saria
Duela pare bat hilabete jakin zen Eusko Jaurlaritzaren Literaturako Euskadi saria irabazi duela hark, baina Jaurlaritzak Auzitegi Nazionalari eskatu zion argitzeko idazle eta iheslariak auzibiderik zabalik duen, diru saria —18.000 eurokoa— eman edo ez erabakitzeko.
Idazlearen sendiak urriaren 5ean gutun baten bidez zioen Sarrionandiak betebehar guztiak betetzen dituela Euskadi sarirako, "ez baita egia ebazteko dagoen auzirik duenik Justiziarekin".
Bihar izango da Euskadi sarietako ekitaldia, Gasteizen (Europa jauregia, 19:00), eta Jaularitzak gaur arratsaldean jakinarazi du emango diola saria. Euskadi Irratiak esan duenez, Sarrionandiaren sendiak Jaurlaritzari jakinarazi dio euretatik baten bat azalduko dela.