Josep Maria Berenguer eta 'Astiberri' omenduko ditu Getxoko Komiki Azokak

Max, Paco Roca, Santiago Valenzuela, Luis Royo eta Nancy Peñak hartuko dute parte, besteak beste

Erredakzioa
Bilbo
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Josep Maria Berenguer eta Astiberri aldizkaria omenduko ditu aurtengo ekitaldian, bere historiako hamargarrenean, Getxoko Komiki eta Manga Azokak. Berenguer La Cupula argitaletxearen arduraduna da, «underground komikiaren ezinbesteko erreferentzia», antolatzaileen esanetan; Astiberri aldizkaria, berriz, Bilbon duela 10 urte sortua, erreferentzia ezinbestekoa bihurtu da Euskal Herriko komikigintzan. Jaialdia hilaren 25ean hasi eta 27an amaituko da, eta parte hartuko duten komikigileen artean Max, Paco Roca, Santiago Valenzuela, Luis Royo, David Rubin, Mireia Perez, Nancy Peña, Manuel Bartual, Luis Bustos, Albert Monteys, Manel Fontdevila eta Victor Santos izango dira.

Areetako Geltokia plazan 80 salmenta postu baino gehiago kokatuko dituzte azokako hiru egunetan. Komiki dendak, liburu denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak eta argitaletxeak izango dira nagusiki postu horien arduradunak.

Erakusketa ugari

Komiki aldizkari eta liburuak erosi, komikigileekin hitz egin eta haiei aleak sinatzeko eskatzeko aukera izateaz gain, hainbat erakusketa ikusi ahal izango dituzte azokaren bisitariek. Azokako karpan, Jazz Bulles Blues: komikia swing erritmoan erakusketa izango da ikusgai, komikiak jazzarekin eta bluesarekin duen harremanari buruzkoa, Belgikako egileen irudiekin osatua. Horretaz gain, La Cupula argitaletxeari eta Astiberri aldizkariari buruzko irudiak eta Portugaleteko Komiki Lehiaketaren 25. ekitaldiko lanak ere ikusiko dituzte karpan sartzen direnek.

Karparen kanpoaldean, El Balanzín erakusketa ikus ahal izango da, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak argitaratutako izenburu bereko aldizkariari buruzkoa. Gainera, azken urteetan ohikoa den moduan, udal erakusketa-aretoetan eta Getxoko hainbat lokaletan komikiarekin lotutako hainbat erakusketa izango dira, eta erakusketa horietan Euskal Irudigileen Elkarte Profesionaleko hainbat artistaren lanak ikusgai. Victor Santos sortzaileari eskainitako erakusketa bat ere izango da ikusgai, Bizkaia Zubian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.