Joshua Redman eta Soul Rebels gaur, Gasteizen

Jazzaldiko hirugarren egunean Phronesisek joko du bigarren agertokian, Principal antzokian

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Gaztea zen. 24 urte baino ez zituen Joshua Redman saxo jotzaile estatubatuarrak bere ibilbideko bigarren diskoa grabatu zuenean (Wish, 1993). Baina kritikak harrera bikaina egin zion lanari, eta Sonny Rollins edota John Coltrane mitoekin konparatu zuten. Geroztik Pat Metheny, Billy Higgins, Elvin Jones edo Chick Corea bezalakoekin jo du, besteak beste. Mendizorrotza kiroldegian ariko da gaur The Bad Plus taldearekin batera, Gasteizko Jazzaldiaren hirugarren egunean. 21:00etan hasiko da emanaldia. Redmanen ondoren Soul Rebels taldea igoko da oholtzara. Village Voice astekariaren arabera, Public Enemy eta Louis Armstrogen arteko «kate maila galdua» da New Orleanseko (AEB) bikoa.

Redmanek irekiko du, ordea, Gasteizko Jazzaldiko hirugarren gaua. 1990eko hamarkadako jazz eszena eklektikoaren jarraitzailea da, eta bopera jotzeko joera dauka. 13 disko ondu ditu 19 urtetan, eta azkenekoek elektronikaren eta rock esperimentalaren zantzu nabariak dituzte. The Bad Plus, berriz, orain dozena bat urte sortu zen, baina 20 urtetik gora daramatzate elkarrekin jotzen Ethan Iverson (pianoa), Reid Anderson (baxua) eta David Kingek (bateria). Jazz talde ohikoa da, baina egiten duten musika ezda hain ohikoa, ordea. Estatubatuarrak iaioak dira jazz tradizionala rockarekin eta poparekin uztartzen. David Bowie, Nirvana edo Radioheaden abestien bertsioak egin dituzte, besteak beste. «Inoiz ikusitako hirukoterik zaratsuena» direla diote haiek haien buruaz.

Soul Rebelsen eskaintza ere ez da ohikoena jazzean. Lumar Leblanc eta Derric Mossek modu naturalean baliatzen dituzte rhythm&bluesa, funka eta hip-hopa, esaterako, eta batzuetan hitzak sasi-rapeatzen dituzte.Orain gutxi HBO telebista kateko Treme telesailean agertu dira,eta 2010ean, berriz, Superbowlen jo zuten. Horrek haien ospea handitu du. Metallicarekin ere zuzenean jotakoak dira, adibidez.

Hirukote irudimentsua

Gasteizko Jazzaldiko beste agertokian, Principal antzokian, Phronesis hirukoteak joko du, 18:00etan hasita. Jasper Hoiby kontrabaxu jotzaileak gidatuta, kritikariek esan izan dute EST taldeaz geroztik hirukote «irudimentsuena eta kitzikagarriena» dela Phronesis. Orain bi urte Erresuma Batuko jazz zaleak liluratu zituzten, eta kontzertu bikainak eman Europan zehar. Iazko ekainean aurrenekoz aldiz jo zuten AEBetan,eta baita Ottawa eta Montrealgo (Kanada) festibaletan ere.Brecongo jaialdian, berriz Galesen, Pitch Black project ekimena estreinatu zuten. Horretan erabat ilunetan aritzen dira hiru musikariak. Kritikariek goratu egin zituzten, erakutsitako ausardiagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.