Literatura

Josu Martinezek irabazi du Tene Mujika saria

“Euskal Herrian edo euskal presoek azken 50 urteetan kartzelatik egindako ihesak edo ihesaldi-saiakerak" kontatuko ditu egileak 'Presoaren betebeharra' liburuan.

Juan Luis Zabala
2013ko urtarrilaren 23a
21:08
Entzun

Josu Martinez zinemagile, idazle eta musikari bilbotarrak irabazi du Tene Mujika saria, Presoaren betebeharra egitasmoarekin. “Euskal Herrian edo euskal presoek azken 50 urteetan kartzelatik egindako ihesak edo ihesaldi-saiakerak kontatuko dira” Martinezen lanean, Elkar argitaletxeak zabaldutako agiriaren arabera.

Papillon eleberri autobiografikoan Henri Charier-ek idatzitako esaldi batean du jatorria izenburuak: “Preso ororen lehen betebeharra ihes egitea da”. Martinezen liburuak hamar istorio jasoko ditu, haien artean Joseba Sarrionandiak eta Iñaki Pikabeak 1985ean Martuteneko kartzelatik egindako ihesarena. 

Euskal Herriko historia hurbilaz biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak eta gisakoak bultzatzeko sortu zuten Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak Tene Mujika saria, Debako alaba Tene Mujika idazlearen omenez. Iazko ekitaldian Xabier Gantzarainek irabazi zuen saria, “euskal arte garaikideko hainbat lan eta artista” aztertzeko, “gizarteko mugimendu, gatazka eta sinboloekin daukaten loturaren ikuspegitik”. Gantzarain eta Martinez bainbo lehen, Ramon Olasagasti, Alberto Barandiaran, Imanol Murua Uria, Mikel Garzia, Pako Aristi eta Mikel Markez, eta Ainara Gorostitzu izan ziren Tene Mujika sariaren irabazleak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.