Jotaren eremuan I+G+B sustatuko du Aiko taldeak

Jotaren «irudiaren atzean gordetzen den inprobisazio eta jolasa» jorratuko du Zarautzen egingo duen mintegian

Aiko taldeko Patxi Laborda dantzaria, erromeria batean. AIKO TALDEA.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Beste urrats bat egitea erabaki dute Aiko taldekoek. Eta jotari edo fandangoari buruzko mintegia egingo dute, «hura delako dantzarik ezagunena, eta, aldi berean, ezezagunena gure plazetan», Patxi Laborda dantzariaren iritziz. «Jotaren irudia ezagutzen dugu, baina ez benetan atzean dagoen inprobisazio eta sormena, eta gordetzen duen jolasa».

Urritik ekainera egingo dute mintegia, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian. Aikoren jarduera guztiak bezala, dantzazale zein dantzarientzat antolatu dute jotaren inguruko mintegia ere. «Kanpotik ikusita eman dezake jotak behin eta berriz errepikatzen diren egitura finkoak dauzkala, baina mintegian ikusiko dugu nork bere jota sor dezakeela», nabarmendu du Labordak.

Orain artean egindako oinarrizko dantza ikastaroez gainera, ikasturte berriarekin batera, berritasun gehiago ekarriko ditu Aikok. Dantzaguneak izeneko dantzarako esparruak abian jarriko ditu, oinarrizko ezagutzak dituztenentzat. Astero antolatuko ditu, taldeak sortzen diren herritan, urritik ekainera. «Teknika hobetzeko, pauso eta dantza berriak ikasteko eta ondo pasatzeko saioak izango dira». Irakasle baten gidaritzapean egingo dituzte.

Eta, zelan ez, hainbesteko arrakasta lortu duten erromeriekin segituko dute. Hilero antolatuko dituzte aurten ere, larunbat arratsaldez, Durangoko Plateruena kafe antzokian. Heldu den larunbatean, hilaren 17an egingo dute aurrenekoa. Eta, ohikoa denez, dantzariek zein oinarrizko dantza ikastaroetan dabiltzan dantzazaleek parte hartzea itxaroten dute. Oinarrizko dantza ikastaroak eta Dantzaldi Ibiltariak urritik ekainera bitartean izango dira ere, iaz eginiko herrietan. Hau da, Sopela, Erandio, Gernika, Galdakao, Durango, Zarautz eta Zaratamon.

«Dantzaren sistema krisian»

«Dantza krisian» zegoela jabetu, eta «plaza goitik behera iraultzeko» premia sumatu zuten Aiko taldeko kideek duela hiru urte, Labordak eta Sabin Bikandi musikariak azaldu dutenez.

Ohiko duten umore berezia baliatuz, finantza erakunderen bateko goi kargudunak balira bezala, ekonomiaz ariko balira bezala mintzatu dira Aikoren jardunaz. «Balio tradizionalak berreskuratzea erabaki genuen, eta I+G+B Ikerketa, Garapena eta Berrikuntzan inbertitzea». Diotenez, antzeko eragiketa batetik sortu zen Dantzaldi Ibiltariak eta Plateruenako erromeriak egiteko ideia. «Eta NDF Nazioarteko Dantza Funtsak eta Anaia Brothers-en oniritzia jaso dugu». 2010-11ko ikasturtean, 500 ikasletik gora izan zituzten Bizkaiko hainbat herritan eta Zarautzen eginiko Dantzaldi Ibiltarietan. Halaber, Durangon egindako Dantzazale Egunek eta Zarauzko dantza barnetegiak «egundoko arrakasta» izan zutela diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.