Hilaren 5ean Donostian egingo den Euskal Liburuaren Gauaren barruan emango diote saria antolatzaileek, Euskal Editoreen Elkarteak (EEE), Euskal Idazleen Elkarteak (EIE), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak (EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak.
Euskal Liburuaren Gaua urtero antolatzen da 2008. urteaz geroztik, kultur industriak euskal gizarte eleaniztunaren garapenari egiten dion ekarpena agerian jarri eta ikusaraztea xede harturik. Gainera, euskarazko liburugintzan parte hartzen duten hainbat eragileren bilgune ere bada, hala nola argitaratzaileak, idazleak, irudigileak, itzultzaileak. Honako hauek jaso dute saria aurreko urteetan: Antton Olariagak (2008), Juan Mari Torrealdaik (2009), Itxaropena argitaletxeak (2010) eta Mariasun Landak (2011).