Getariako (Gipuzkoa) Balentziaga museoko patronatuak hainbat neurri hartu zituen atzo museoari zabalik eusteko, eta gai horren inguruan mintzatu da gaur Euskadi Irratian Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea. Uste du "epe laburrera, egonkortu" egin dutela museoa, eta datorren urterako hobeak direla aurreikuspenak.
Muñozek nabarmendu du museoak "gehiago hazteko aukera" duela, baina zehaztu hori ezin dela patronatutik egin. Balentziagak zer-nolako museoa izan behar duen pentsatu beharra dagoela uste du, eta ezinbestekotzat jo du museoa nazioarteratzea: "Nazioartean proiekzio gehiago izan behar du".
Txillida Lekuz ere jardun du: "Txillida Leku ezin da pentsatu Txillida familiarik gabe". Haren ustez, erakundeek erosi egin beharko lukete museoa, baina lehenago zehaztu behar da nolakoa izan behar duen museoak: "Horretan ari gara". Muñozek azaldu du familiarekin hitz egiten ari direla, baina diskrezioa eskatu diotela familiari.
Donostiaren 2016ko kultur hiriburutzaren garrantzia defendatu du, argudiatuta, besteak beste, kulturak bizikidetza sendotzeko balio duela. "Nahiz eta eraikinik ez izan" kultura inbertsio gisa ikusteko aukera ematen du hiriburutzak, Muñozen ustez. "Ez da hormigoiaren aroa, pertsonaren aroa baizik", esan du.