Tolosan (Gipuzkoa) jaio zen Garmendia Larrañaga, 1926. urtean, eta gaur jakin da haren heriotzaren berri. "Bizitzan, ezertan ez naiz izan ortodoxoa", esan zuen BERRIAk 2005ean Igandea gehigarrian egin zion elkarrizketan. Ibilbide oparoa izan da harena, lan handia egin baitzuen Euskal Herriko etnografia eta historia biltzen. Egindako lan guztietan ekarpenik handiena bere doktore tesia izan dela zioen Garmendiak berak: Hiztegi Etnografikoa. 2003an eman zuen argitara, Xabier Mendiguren Bereziarturekin elkarlanean.
Letra eta merkataritzako ikasketak egin zituen, eta Julio Caro Barojak animatuta egin zen antropologian doktore. "Etxera etortzen zen askotan, eta hark animatuta egin nuen tesia: 'Egina daukazu', esan zidan lexikoari buruzko lanari buruz". Eusko Ikaskuntzan hainbat ardura izan ondoren, 1996an erakunde horretako ohorezko bazkide izendatu zuten. Euskal Idazleen Elkarteko ohorezko batzordekide ere bazen. 1998an, Tolosako Udalak seme kutun izendatu zuen, eta 2011n Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare saria jaso zuen.
XIX. eta XX. mendeko langintza, usadio eta lexikoari buruz 6.000tik gora orrialde idatzi zituen (60 lan monografiko eta 400 artikulu inguru). Besteak beste, udako eta neguko festak, inauteriak, baserriak, eskulangintza, jokoak, mitoak, legendak, burdinolak, araoak eta sendabelarrak aztertu zituen. Lan handia egin zuen Euskal Herriko eta, bereziki, Gipuzkoako eta Tolosa eta inguruko historia hurbila biltzen. "Lehen, Aste Santuan karakolak jaten ziren Tolosan. Orain, ni eta karakolak bakarrik gelditzen gara egun horietan", esan zuen 2009an Eusko Ikaskuntzak bere lan argitaragabe batzuk argitaratu zituenean.
Historiak hizki larriz jaso ez dituen istorio txikiak bilatu eta jaso zituen bere idatzietan. Garai aldaketa baten lekuko zela zioen; urteek eta bizi-esperientziek eman zioten eskarmentuarekin, ironiatik ere bazuten bere adinari buruz egiten zituen komentarioek: "80 urtekoak gazteak iruditzen zaizkit!". Urteak igaro arren ondoen gorde den usadioa inauteria dela zioen. Beste ohitura asko, aldiz, galbidean direla aitortzen zuen. "Progresoaren gurpilak gauza on batzuk azpian harrapatu eta txikitu egin baititu".