Euskal dantzak ikertu eta horiek hedatzen aritu zen Juan Inazio Iztueta idazlea (Zaldibia, 1767). Horrez gain, dantza taldeak sortu eta ospakizunak antolatzeaz arduratu zen; besteak beste, haren ekimenez egin zen 1840ko abuztuan Bergarako besarkadaren lehen urteurreneko ekitaldia. Haren lana gogoratzeko emanaldia egingo dute ostiralean, hilaren 15ean, Ormaiztegiko plazan. 19:00etan hasiko da ekitaldia.
Mikel Sarriegik izango du Iztuetaren lana azaltzeko ardura, hamabost urtez haren argitalpen eta dantzak ikertzen aritu baita. Azalpenen ostean, Bergarako besarkadaren lehen urteurreneko ekitaldiko dantzak egingo dituzte Aurtzaka taldeko dantzariek.