KULTURA

Juan Zelaiari emango diote Argizaiola saria Durangoko Azokan

"Enpresaren mundutik euskal kultura laguntzegatik" sarituko dute. Azokaren 43. ekitaldia abenduaren 5ean hasiko da. Aurten egun bat gutxiago edukiko du.

2008ko azaroaren 20a
19:26
Entzun
Abenduaren 5ean hasiko da Durangoko (Bizkaia) Azokaren 43. ekitaldia, eta Argizaiola Saria Juan Zelaia (Oñati, Gipuzkoa; 1924) enpresariari emango diote Gerediaga Elkartekoek. "Enpresaren mundutik euskal kulturari egindako ekarpenagatik" omendu nahi dute hura.

Azokak aurten bost egun beharrean, lau izango ditu. Gerediaga Elkarteak eta diskoetxe eta argitaletxeek hala erabaki dute, bi lanegun daudelako abenduaren 5etik 8ra. Lanegunetan Azokara jende gutxiago joan ohi denez, aurtengo ekitaldia motzagoa izatea erabaki dute. Guztira, 292 stand eta 404 nobedade aurkitu ditzake Durangora joango denak.

Berrikuntza bat izango da 43. Durangoko Azokan. Liburu, disko eta besteren aurkezpenak egiteko areto bat jarriko dute. Helburua "publikoa eta egileak hurbiltzea" da, euren arteko komunikazioa bultzatuz.

Durangoko Azokak urtero gai bat aukeratzen du eta aurtengoa irudiari dagokio. Honen harira, ilustrazioaren inguruko hitzaldi bat eta mahai-inguru bat ere egingo dituzte, Euskal Herriko Irudigileen Elkarteak (EHIE) antolatuta. Arnal Ballesterrek hitzaldia egingo du abenduaren 5ean. Ondoren, irudigintzaren egoera aztertuko dute Iñaki Martiarena Mattin-ek eta Aitziber Alonsok.

Finlandiako literatura aztertuko dute aurten Euskal Liburu eta Diskoen Durangoko Azokan. Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) eta Gerediaga elkarteak gonbidatuta, Salla Jarnefelt idazle suomitarra izango da azokan abenduaren 6an. Finlandiako literaturaz mintzatuko da Jarnefelt; Erdi Arotik gaurdaino suomierazko literaturak izan duen bilakaera azalduko du, zehatz-mehatz. Ekitaldia Suomitar Euskalherria-Finlandia elkartearen laguntzaz antolatu dute EIEk eta Gerediagak.

Bestalde, aurtengo ekitaldiaren kartelak sortu duen eztabaidaren harira, Gerediaga Elkarteak "elkartasun osoa" erakutsi dio kartelaren egilea den Haritz Zabalari. "Une latza" pasatzen ari dela esan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.