Juancruz Unzurrunzaga eta inguruko «itsaso zabala»

Kultur sustatzaileari omenaldia egin diote hainbat sortzailek, Ekain arte galeriak kaleratutako liburuan

Juan Gorriti eta Jorge Oteizarekin, 1999an. EKAIN ARTE LANAK.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2010eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Pertsona oso berezia, inoiz oharkabean pasatzen ez zena, probokatzailea, bizizalea, ausarta, berritzailea, seduzitzailea, zuzena, mihian bilorik gabekoa, arterako begi oso onekoa, eskuzabala, elkarrizketa luzeen zalea, maitagarria... Juancruz Unzurrunzaga (Zarautz, 1939-2009) ezagutu zutenek hura definitzeko erabilitako hitzak dira. Arteaz eta artistaz inguratuta bizi izan zen kultur sustatzailea eta Donostiako Ekain Arte Lanak galeriaren sortzailea. Iazko uztailean hil zen, eta lagun izan zituen artista, kazetari eta arte kritikariek omenaldia egin nahi izan diote orain. Haien idatziekin eta margolanekin osatu du galeriak Juancruzi liburua, haren lagunen artean banatzeko.

Juan Carlos Egillorrek Unzurrunzagari eginiko erretratua,JosAnton Artzeren olerki bat, eta libururako Artemio Zarcok, Koldobika Jauregik, Maria Txillidak, Itziar Elizondok, Edorta Kortadik, Rafael Castellano Aztia-k eta Juan Antonio Garcia Marcosek idatzitako testuak bildu dituzte liburuan. Haiekin batera, joan den uztailean Unzurrunzagaren omenez Ekain galerian eginiko erakusketan izan ziren margolanen argazkiak jaso dituzte. Bixente Ameztoi, Rafael Ruiz Balerdi, Juan Luis Goenaga, Jose Luis Zumeta eta Eduardo eta Gonzalo Txillidaren bina lan daude, Unzurrunzagari hainbat artistak eginiko erretratuez gain. Unzurrunzaga bera artista haiekin agertzen den garai bateko argazkiek osatzen dute lana.

Omenaldian parte hartu duten lagun batzuk, artistak eta Unzurrunzagaren lagun eta senideak Ekain galerian bildu ziren herenegun iluntzean, liburuaren aurkezpenean. Lepo bete zen aretoa, horren sortzaileak utzitako arrastoaren erakusgarri. «Gizon ausarta izan zen, gauzak aurpegira esaten zituena, modu on eta garbian betiere; batzuek, akaso, ez zuten hori ongi hartuko, baina ezagutzen genuenok, bai, eta ezagutzen genuen jende mordo bat gaude hemen», adierazi zuen Koldobika Jauregi eskultoreak.

Unzurrunzagaren ezaugarri horrek, denborarekin, «jendearen artean nolabaiteko txirikorda moduko bat, elkarren arteko harreman bat osatu zuen», eskultorearen hitzetan. «Askok ez genekien elkarren lagun genuela, eta denborarekin bide horretan topatzen joan ginen. Hori da Juancruzen jendearen itsaso zabal hau». Itsaso zabal horretako kide gisa, han ziren Artemio Zarco idazlea, Edorta Kortadi irakasle eta ikerlaria, Marivi Arkaia Kubo Kutxa aretoko zuzendaria, Ainize Txopitea margolaria, Ur margolari taldeko Javier Arozena, Carlos Bizkarrondo eta Alejandro Tapia, beste askoren artean. Denek ezagutu zutenez, barre artean baieztatu zuten Jauregik esandakoa: «Segur aski kexatu egingo zen liburuagatik, berarentzat txiki samarra delakoan, eta bera bakar-bakarrik hori baino liburu handiagoa egiteko gai izango zelako».

Hitzeko gizona

Galeria zabaldu zuenean hasi zen Jauregi Unzurrunzagarekin lanean. «Fama gogorra zuen. Ausarta den jendeari etsaiak sortzen zaizkio, baina harekin lanean ikusi nuen tipo ausarta zela, eta hitza zuen gizona». Bertako artista askori aukera bat eman ziela uste du. «Oso begi ona zuen nork balio zuen eta nork ez erabakitzeko». Gaixoaldi luze baten ondorioz hil zen Unzurrunzaga, eta azken unera arte berezkoa zuen ausardiari eutsi ziola gogoan du Jauregik. «Heriotzari aurrez aurre begiratzen zion. Esaten zuen egin nahi izan zuen guztia egin zuela, ez zitzaiola ezer geratu egiteke. Ausardia hori zuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.