Judas Priest-en agurreko bira BECera iritsiko da etzi

Bizkaia Arenan ariko da heavy metaleko talde mitikoa, izen handiko beste birekin batera: Motorhead eta Saxon

Erredakzioa
Bilbo
2011ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Judas Priest ikusteko azken aukera izan liteke etzikoa. Hala iragarri du behintzat taldeak. Barakaldoko BECen, Bizkaia Arenan kontzertua eskainiko du heavy metaleko talde ingeles mitikoak. Mundu osoan zehar egiten ari den Epitaph izeneko biraren barruan etorriko da Euskal Herrira. Agertokiei behin betiko agur esateko bira dela iragarri dute. Izan liteke, edo ez, hainbatetan esan baitute gauza bera, eta taldeak disko berrirako kantuak prestatzen ari dela ere iragarri baitu. BECerako sarrerak Internet bidez daude salgai, 53 euroan. 7.000 saldu dituzte dagoeneko.

Berrogei urtetik gorako musika ibilbidea egina du talde ingelesak. Heavy metalaren aitzindaritzat hartzen da Judas Priest, baita heavy metal estetika agertokietara eramatearena ere. Taldearen hainbat kanta denborarekin klasiko bihurtu dira, You've Got Another Thing Coming eta Breaking the Law, esaterako. Haiek eta beren ibilbidean ezagun egin dituzten beste hainbat joko dituzte BECen, zaleen gozagarri.

1969an sortu zen taldea. Rocka Rolla (1974) lehen diskoan hard rock doinuak landu bazituen ere, Sad Wings of Destiny (1976) hurrengo lanetik aurrera heavy metalaren soinuan murgildu zen betiko, baita hurrengo diskoetan ere —Sin After Sin (1977), Stained Class (1978), Hell Bent for Leather (1978) eta are gehiago British Steel (1980) arrakastatsuan—. 80ko hamarkada amaieran eta 90eko urteetan taldeak are gehiago gogortu zuen bere soinua, eta gitarrak azkarrago jotzen, speed metalera hurbildu zen, Jugulator (1997) eta Demolition (2001) lanetan, esaterako. 2008an kaleratu zuen azken diskoa, Nostradamus.

Duela 40 urte taldea sortuzuten kide gehienak ariko dira BECen, Rob Halford abeslaria tartean. Ohi bezala, Glenn Tipton ariko da gitarrarekin, eta Ian Hill baxuarekin. Baterian Scott Travis izango dute lagun —1989tik dago taldean—. K.K. Downing, bandaren sortzaileetako bat, ordea, ez da BECen izango. Joan den apirilean iragarri zuen taldea utziko zuela, eta haren ordez, Richie Faulknerrek joko du gitarra.

Agertokia beste bi talderekin partekatuko du Judas Priestek. Izan ere, herrikide dituen beste bi talde gonbidatu ditu biran aritzeko, izen handikoak biak ere: Motorhead eta Saxon. Diskografia zabala dute biek ala biek, eta 70eko hamarkadaren amaieran Ingalaterran garatu zen New Wave Of British Heavy Metal mugimenduko kide izan ziren haiek ere, Judas Priest eta Iron Maiden bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.