MUSIKA

Jun Maerkl izango da EOSen zuzendari titularra 2016 bitartean

Maisu alemaniarra EOS Euskadi Orkestra Sinfonikoaren musika aholkularia izan da azkeneko bost hilabeteetan. Oriol Roch zuzendari nagusiaren esanetan, egonkortasuna ziurtatzen du izendapenak.

Jun Markl Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari berria, orkestraren entsegua zuzentzen. JON URBE / ARGAZKI PRESS
Igor Susaeta.
2014ko azaroaren 3a
17:51
Entzun

Urtebete egin du EOSek zuzendari titularrik gabe; Andres Orozco-Estrada kolonbiarrak (2009-2013) kargua utzi zuenetik, hain zuzen ere. Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak gaur Maerkleren kargu hartze agerraldian adierazi duenez, zuzendari titularraren figura ez da ezinbestekoa orkestra batean, "baina beharrezko izaten da lan berezia egiteko, loturak sendotzeko eta konpromisoa handitzeko".

Iñigo Alberdi zuzendari nagusi ohiaren ardurapean Maerkl aholkulari izendatu zutenean —Alberdik joan den uztailean utzi zuen kargua, eta Rochek ordezkatu du—, Muñozek aitortu du argi ikusi zutela pertsona egokia zela. "Baina zuzendaritza nagusian erreleboa gertatu arte, zuhurtasunez jokatzea erabaki genuen".

Elkar ezagutu zuten Rochek eta Maerklek, partekatu zituzten irizpideak, eta aurrenekoa konturatu zen modu eraginkorrean lan egin ahal izango zutela elkarrekin. "Orkestra batek etengabeko hobekuntza bilatu behar du, eta horretarako beharrezkoa da galdera egokiak egitea. Prozesu horrek funtzionatzen du orkestra batean zuzendaritza artistikoak eta teknikoak bat egiten dutenean". Rochek nabarmendu du orkestrari nortasun eta soinu propioa ematen ahaleginduko direla.

EOSen denboraldiko hirugarren abonamendu programako kontzertuetan, bihar eta etzi Kursaalean, eta larunbatean Bilboko Euskaldunan, zuzenduko du orkestra Maerklek, aurrenekoz zuzendari titular bezala. Horietan Camille Saint-Saensen Sansón eta Dalila eta Bela Bartoken Orkestrarako kontzertua obrak interpretatuko dituzte. Hiru emanaldietan Johannes Moser txelo jotzailea izango da bakarlari gonbidatua.


Maerkl (Munich, Alemania, 1959) ibilbide luzeko zuzendaria da, eta Clevelandeko Orkestra, Filadelfiakoa, eta Txekiako eta Osloko Filarmonikak zuzendu ditu, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.