DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA. SAIL OFIZIALA

«Kaka putzu batera eroritako harria da gerra: dena zipriztintzen du»

Haur baten begiradatik 1936ko gerraren osteko giroa erakutsi du Agusti Villaronga zuzendariak 'Pa negre' katalanezko filmean. Gertaera politikoetan baino gehiago, gerrak herritarrengan duen eraginean jarri du arreta

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2010eko irailaren 23a
00:00
Entzun
«Ez nuke esango Espainia beltzari buruzko film bat denik; une historiko oso dramatiko bati buruz ari da, baina ez du doilorkerian sakontzen». 1936ko gerraren osteko urteetan girotutako filma aurkeztu zuen Agusti Villaronga zuzendari katalanak atzo, Zinemaldiko sail ofizialean. Gerraren galtzaileek ondorengo urteetan izan zuten bizimodu gogorra kontatzen du Pa negre-k, haur baten begiradatik. Hain zuzen, gertaera politikoetan baino gehiago, pertsonaiengan jarri du arreta zuzendariak, batez ere gerrak «pertsonei uzten dien gogo aldartean». «Diskurtso politiko bat egiteari ihes egin diogu; diskurtso emozionala da».

Emili Teixidor idazlearen izen bereko eleberria du filmak oinarri, eta testua egokitu ez baizik bere espiritu literarioa gorde nahi izan du zuzendariak. Bere aurreko filmetan bezala, Pa negre-n ere «iraganak pisua» duela nabarmendu zuen Villarongak: «Iraganaren armiarma sarean daude harrapatuta pertsonaia guztiak». Haur batek bi lagunen hilotzak topatuko ditu basoan, eta agintariek haren aitari egotziko diote hilketa. Aita salbatzearren, hiltzailea nor izan den jakiten saiatuko da haurra, eta iraganeko hainbat gertakari azaleratuko dira.

Sakan batean behera amiltzen den zaldi baten eszenarekin hasten da filma. Gertaera horrek pertsonaien bizitza «erabat markatuko duen neurrian», gerraren metafora gisa erabili du Villarongak. «Kaka putzu batera erortzen den harria bezalakoa da gerra: dena zipriztintzen du». Pertsonaien bizitza baldintzatuko duen beste eszena bat ere nabarmendu zuen, homosexuala izateagatik bortizki zikiratzen duten bizilagunarena. «Bi piezak elkarri lotzeak pertsonaien barne munduaz hitz egiteko aukera ematen du, gerraz nahi eta nahi ez hitz egin behar izan gabe. Izan ere, gerra oso agerikoa da bestela ere».

Kataluniako Vic herriaren inguruetan filmatu du lana zuzendariak, mendialdean parte handi batean. Haurraren amaren rola bete duen Nora Navas aktorearen hitzetan, «leku horietan sartuta eta arropak jantzita bakarrik, lanaren parte handi bat egina zegoen. Tristea da istorioa, eta denbora kosta zait tristura hori gainetik kentzea, hainbeste umeri jatekorik emateko ez zuten emakume ahaztuez ari baita». Filmeko aktore taldea -Francesc Colomer, Marina Comas, Nora Navas, Roger Casamajor, Eduard Fernandez, Laia Marull eta Sergi Lopez- eta Isona Passola produktorea zuzendariaren alboan izan ziren atzoko aurkezpenean.

Alde askotariko pertsonaiak

Haur bat da istorioaren protagonista, eta, horregatik, mamuen eta fantasiaren munduak garrantzi handia du filmean, «funtsezko alde bat baita hori ume batengan, bere ametsak dira», zuzendariaren hitzetan. «Haurrak beren munduan ulertzen saiatu gara». Halaber, pertsonaia guztiek alde askotariko izaera edukitzea funtsezkotzat jo zuen Villarongak. «Pertsonaia guztiek alde bikoitza izateko ahalegina egin dugu; denak daude zipriztinduta, ez dago pertsonaia onik edo gaiztorik». Familia askotan halako egoerak bizi izan dituztela uste du zuzendariak. Isona Passola produktorearen ustez, «umiltzea eta umiliatuak dira filmaren ardatza, eta Agusti maisua da gaiztoen alde ona eta onen alde gaiztoa erakusten. Tolerantzia hitzari omen egiten dion filma da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.