Kaletik areto barrurakoa baino gehiago

Kukai konpainiak 'Out/in' estreinatuko du igandean Errenterian, 'Karrikan' obraren egokitzapena

Kukai konpainiako kideak, atzo Errenterian egindako aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Errenteria
2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Kukai dantza konpainiak Karrikan abiarazi zuen iazko maiatzean. Kalerako ikuskizun bat zen hura, espreski. Horretan oinarrituta Out/in lana estreinatuko du igande honetan, Errenteria Hiria Kulturenean (19:00). «Aurrekoaren egokitzapena da, bertsioa. Lan horrek garapen bat izan zezakeela eta areto barruan ondo funtziona zezakeela ikusi genuen», jakinarazi zuen Jon Maia konpainiaren zuzendariak, atzo, Errenterian bertan egindako aurkezpenean. «Lan diferentea da hau. Aurrekoarekin konparatuta beste estilo bat dauka, mugimendu ezberdinak. Urrutirago jo behar izan dugu, horretara bultzatu gaitu. Aldi berean, oso interesgarria da, erregistro berrietan sartzeko aukera eman digulako». Urrutirago joateko nahia; kaletik areto barrurakoa baino zerbait gehiago.

Karrikan ikuskizunean, dantza garaikidean jarduten diren koreografo euskaldunekin lan egin zuten. «Hortik abiatuta, Iker Gomez koreografoarekin jarraitu dugu lanean», esan zuen Maiak. Harekin osatu dute Aupa mutil koreografia; ikuskizun berriko bi koreografietako bat da, hain zuzen. Izan ere, Out/in-ek bi zati ditu. «Karrikan abiarazi genuenean, koreografo bakoitzari proposatu genion dantza tradizionalarekin zerikusia zuen gai bat lantzeko». Gomezei, hartara, Gipuzkoako dantzetan inprobisazioaren inguruan dauden dantzei buruzko «gogoeta bat» egiteko eskatu zioten Kukaikoek. «Urrutira jo duen arren, hortik sortzen da Aupa mutil, egindako bilaketa horretatik».

Koreografia horren zati bat dantzatu zuten atzoko aurkezpenean. Bi dantzari ageri dira aurrena, Chemical Brothers taldearen Hey Boy Hey girl abestiaren erritmopean dantzan. Beste hiru dantzari taularatzen dira segidan, eta musika geratzen da bat-batean. Bostak oihuka hasten dira, erotuta baleude bezala. Alde egin, eta berriro taulara bostak: bata, akordeoiarekin Isil-Isilik abestiaren doinuak jotzen, beste bat dantzan, eta beste hirurak, aldiz, hari, dantzan ari denari, animoak ematen: «eutsi!», «segi!», «hori dek eta!», «aupa mutil!»...

Out/in-en beste zatiak Sorbatza dauka izena. «Damian Muñoz eta Virginia Garcia koreografoekin landu dugu». La Intrusa konpainiako kideak dira. «Durangaldeko ezpata dantzaren inguruko dantzei buruz gogoeta egiteko eskatu genien». Haiek proposatu zuten «uztartzea» krump estiloa eta ezpata dantza. «Los Angelesko auzo txiroenetan sortutako estilo bat da krump-a, borroka sinbolo bat». Kaleko dantza bat.

Eta Kukaiko kideek Karrikan-ekin kalean izandako esperientzia «oso ona» izan da, Maiaren iritziz. «Jendeari ez zitzaion oharkabean pasatzen. Onerako edo txarrerako, baina jendeari zerbait mugiarazten zion barruan». Igandean Errenterian aurkeztuko dute. Gero, hilaren 25ean, Donostiako Gazteszenan, eta martxoaren 8an Gasteizko Principal antzokian. Kukai eta Tanttaka teatroa, berriz, Hnuy illa ikuskizunarekin arituko dira, gaur, Bilboko Arriaga antzokian (20:00). Joseba Sarrionandiaren Hnuy illa nyha majah yahoo poema liburuko zenbat olerkitan oinarritutako ikuskizuna da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.