Artelekuk bere zikloa betiko itxita, Kalostra arte eskola esperimentalak hartuko du aurrerantzean haren lekukoa pedagogiaren arloan, Donostiako Parte Zaharreko Santa Teresa komentuan, Xabier Gantzarain Kalostra arte eskolako egitasmoaren koordinatzaileak eta Ikerne Badiola Kultura diputatuak azaldu dutenez.
Artelekuko liburutegia —eta Artelekuk aterpetutako beste gune eta programazio batzuk— Tabakalerara eramanak dituzte dagoeneko, eta Artelekuren historia amaitutzat eman daiteke. “Arteleku bere horretan amaitu da, baina bere espirituak eta legatuak hor jarraitzen du”, azaldu du Badiolak. “Tabakalerak hartuko du neurri batean lekukoa. Hura izango da kultura garaikidearen zentroa. Artelekuko liburutegia bertan dago, eta programazioa ere haien esku geratu da”.
Artearen berezko balioa “artearen praktikan berean” dagoelako ideiatik abiatuta, “artista gazteei eta artista izan nahi dutenei” zuzendutako eskola esperimentala izango da Kalostra, baina oro har “artista orori irekia”, Gantzarainek azaldu duenez. Sei hilabeteko ikastaroak eskainiko ditu, eta ikastaro bakoitza bi hiruhilekotan banatuko da. Ikastaro bakoitzak 15 ikasle izango ditu gehienez, eta sei, zazpi edo zortzi artistak osatutako klaustroak gidatuko ditu ikastaroaren nondik-norakoak, aldez aurreko programarik gabe, parte hartzen duten ikasleen nahien eta premien arabera, etenik gabeko elkarrizketan.
Lehenbiziko ikastaroko arduradunak artista ezagunak dira, Artelekuko tailerretan aritu eta gero artearen munduan ibilbide oparoak eginak gehienak: Ana Laura Alaez, Ibon Aranberri, Jon Mikel Euba, Asier Mendizabal, Itziar Okariz, Sergio Prego eta Maria Luisa Fernandez. Ikasle izan nahi dutenek eskaria egin ahal izango dute aurki, eta onartuak izanez gero 300 euro ordaindu beharko dute matrikula. Ikasleek prest egon beharko dute ikastaroak irauten duen sei hilabeteetan goiz eta arratsaldez aritzeko Kalostran. Artistaren kurrikulumari baino garrantzi handiagoa emango zaio, ikasleen aukeraketa egitean, prestasunari eta motibazioari. Lehen ikastaroa martxoaren 2an hasi eta abuztuaren 7an amaituko da.
Kalostra “eskola esperimental bat” izango da, “artisten eskola bat, artistek artistekin ikasteko”, Badiolak azaldu duenez. “Aurrekaria Arteleku da, eta batez ere han landu zen proiektu pedagogiko jakin bat. Baina aldi beran zeharo bestelakoa da. Beste garai eta beste behar batzuei lotua jaio da. Artearen testuingurua asko aldatu da eta paisaia berrira egokitu beharra dago”.