Kanta urbano eta poetikoak bildu ditu Urko Menaia abeslariak lehen diskoan

Kalean euskal doinu tradizionalak jotzen ezagun egin bada ere, berak sortutako piezak bildu ditu lan berrian

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2010eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Donostiako Bulebarrean herri kantak jotzeagatik da ezaguna, batez ere, Urko Menaia. Urteak daramatza Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta Xabier Leteren doinuak abesten, ahotsaren eta gitarraren laguntza bakarraz. Kanta horietako batzuk autoekoitzitako disko batean bildu zituen 2006an. Baina berak sortutako bederatzi abesti berri bildu ditu orain, diskoetxe batekin (Gaztelupeko Hotsak) kaleratutako lehen lanean. Dendetan izango dira eskuragarri, lehen aldiz, Menaiaren doinuak.

Azalean izenbururik ageri ez bada ere, lehen kantak ematen dio izena lanari, Ametsak eta oroitzapenak. Idoia Oteizak pianoan lagundu du Menaia haren lehen lanean, eta Luis Fernandezek, berriz, biolontxeloan. Mikel Menaiak, abeslari donostiarraren aitak, gitarra sartu du Hotzak kantan. Menaiarenak dira abesti gehienetako hitzak, baina Urtzi Urkizu eta Montxo Cornago poetek ondutakoak ere badira, baita Mao Ze Dongen olerki bat ere.

Disko kontzeptuala ez bada ere, eta kantak hari berari lotuta ez badaude ere, abesti guztiek intentzio poetiko bat badutela azaldu du Menaiak, eta hiria dutela guztiek oinarrian. «Nire jatorriak hirian daude, kanta urbanoetan; fadoak, tangoak, bossa novak... iturri horietatik ere jaso izan dut eragina».

Etxean betidanik herri kantak entzun dituelako eta, batez ere, haiek jotzen urteak daramatzalako, hainbatentzat disko berrikoek ere kutsu tradizionala izango dutela uste du kantariak, baina haren ustez ez da hala. «Jatorri, zama eta kutsu hori ezin dudala kendu uste dut, baina ez da kantuak egiten ditudanean bilatzen dudana».

Arte Ederretan lizentziaduna da Menaia, eta plastika irakasle da lanbidez. Udaro soldata gabe geratzen dela eta, kalean kantatzen hasi zen aspaldian, «bizimodu beharrez eta adierazi beharrez». Kalean jotzen jarraitzeko gogoa du, baina baita aretoetan emanaldiak eskaintzeko asmoa ere. Hilaren 17an izango da hurrengoa, Donostiako Le Bukowski tabernan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.