Kantu egilea iraganari so

70 urteak bete berri dituela, Paul Simonek mende erdiko lanari begiratu bat eman dio, eta bere ibilbide osoko 32 kantu bildu ditu 'Songwriter' diskoan

mikel lizarralde
2011ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Hamabost urte besterik ez zuela hasi zen kantuak egiten, idazten, abesten. Paul Simonek (Newark, AEB, 1941) mende erdia baino gehiago darama musikari lotua, kantagintzari emana. Eta 70 urte bete berri dituen honetan —urriaren 13an izan zen haren urtebetetzea—, atzera begiratu nahi izan du, ibilbide luze bezain oparoan idatzi dituen kantu esanguratsuenetako batzuk biltzeko. Simonek 170etik gora kantu ditu idatziak eta grabatuak, eta horietako 32 aukeratu ditu Songwriter bilduman sartzeko.

XX. mendeko kantu egile handienetako bat da Simon, eta Bride Over Troubled Water-en egileak ere bere langintzaren alderdi horri ematen dio, batik bat, garrantzia. Bere burua beti jo izan du abesti egiletzat, eta ez horrenbeste interprete edota artistatzat. Hori dela eta, kantuak idazteari ematen dion garrantzia nabarmendu du beste ezeren gainetik Songwriter bilduman. Nolanahi ere, Simonek berak aukeratu ditu bildumako abestiak, eta horrek ondorioak izan ditu aukeraketan. «Normalean, halako diskoetan kanturik onenak edota tipikoenak jaso izan dituzte», adierazi du musikariak, baina berak beste modus operandi bat izan duela azaldu du ondoren: «Kantu on horietako batzuk kanpoan utzi ditut (You Can Call Me Al, Mrs. Robinson, The Late Great Johnny Ace...), eta saiatu naiz single arrakastatsuak izan ez ziren kantu horiek berreskuratzen».

Nolanahi ere, aukeraketak ezustean harrapatu ditu Simonen zale amorratuenetako batzuk ere. Izan ere, Art Garfunkelekin osatu zuen bikote artistikoaren kantuak apenas dauden ordezkatuak bilduman. Hiru baino ez ditu jaso, eta horietako bat bera ere ez da azaltzen jatorrizko bertsioan. The Sound of Silence esanguratsua berriro grabatu du Simonek bildumarako; The Boxer 1991n Simonek New Yorken Central Parken emandako kontzertu batetik aterata dago, eta Bridge Over Troubled Water Aretha Franklinek 1971n grabatu zuen bertsioan azaltzen da diskoan. Alegia, Art Garfunkelen ahotsa ez da entzuten une batean ere.

Hortik aurrera, bildumak Simonen bakarkako ibilbideari begiratzen dio, eta musikariak egin dituen esperimentuen isla bihurtzen da. Izan ere, Graceland (1996), Hegoafrikako musikariekin grabatutako diskoa, eta Brasilgo musikara egin zuen hurbilketa (The Rhythm of Saints) ondo ordezkatuak daude diskoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.