Aldarte oneko, garai onean, harrapatu dute kantu berriek Ruper Ordorika (Oñati, Gipuzkoa, 1956). Haizea garizumakoa kaleratu eta bi urtera, baikortasuna ezkutatzen ez duten 11 kantu bildu ditu Hodeien azpian (Elkar) diskoan.New Yorken grabatu zituen kantuak abuztuan, ohiko musikariekin, Brooklyngo ohiko estudioan: «Maite dut ekipo zahar hori, eta ahalegina egin behar nuen». Mugalariekin kantu berriak zuzenean eskaintzeko entseguak egiten ari da dagoeneko Zubietan (Gipuzkoa). Abenduaren 1ean emango du lehen kontzertua Gasteizen.
«Oilarrak jo du ortuan, poza barruan, sasoi berri honetan dauzkat denon izenak banan-banan gogoan», diozu Ez beldurrik izan kantuan. Sasoi berriak eragin dezake kantuak egiteko zure moduan?
Baietz pentsatu nahi nuke. Leonard Cohenek dioen moduan, jakingo banu kantu onak non sortzen diren, gehiagotan joango nintzateke bertara. Nik uste dut dena ekinean dagoela. Jende aurrean asko ibiltzen gara. Hor dago ikasbide bat. Kantu honetan gehiago ari naiz nire egoera pertsonalari buruz. Askotan izaten baitut sentsazio hori: sasoi on batean zaudenean gogora etortzen dira galdutako gauzak eta pertsonak batez ere. Eta haietaz gogoratu naiz.
Sosegutik abiatuta, giro nahiz hitzetan, baina baikortasuna agerikoa da lan berrian.
Hori pentsatu nahi dut. Niretzako inportantea izan da baikortasun horri eustea. Nire ustez, on da kantuak izan dezala horretarik, dela umorean, dela esateko moduan, dela edertasunaren gaineko gogoeta bat delako, edo aldartea aldatzen dizulako, baina kantuak beti du nahi hori... Jendeak horregatik kantatzen du, bere barrutik ateratzeko zerbait, eta hori transmititzeko, eginkizun ilunetatik haratago joateko, eta baita horietan lasaitzeko ere. Hori da kantuaren dohaina. Esaterako, uste dut, euskal munduan ez ote garen sarri ibili oraingo egoera honetan, ETAk jarduera armatua amaitu duen honetan, kokatuak aspaldi, mundu paralelo bat sortu nahian bezala, literaturan edo musikan errealitate bat balego bezala, nolabait esateko... Beti pentsatu dut kantua kokatzen dela, ez parte txarrean, baizik eta bestean, ez dakit onean den edo... Kantua beti dago gauzen soluzioan, beti dago gatazkatik kanpo. Eztabaidagarria izan daiteke, baina kantua beti dago katarsiaren bila, harantzago joan nahi batean, nik uste.
Eta katartikoa ez bada, behintzat baltsamikoa...
Bai, eta gutxiago ere bai, edozer gauza onartzen du ia kantuak.
Haizea garizumakoa-k soinu eta poetika baten sendotzea ekarri zuela esatea askotxo al da? Alegia, haize hark zabaldutako haziz ereindako uzta dirudi Hodeien azpian honek.
Ez dakit... Haizea garizumakoa oso ondo sartu da jendearengan, eta horrek badakartza bere irakasgaiak. Bat izango litzateke zein ideia arinak erabiltzen ditugun batzuetan komertzialtasunari buruz: zer den erraza, zer den gustukoa... zeren eta disko hark ez zuen batere erraztasunik, baina oso ondo sartu da, borobildu egin da erabat jendearengana heltzean. Aspaldian ari naiz, uste dut, metodo berdintsuarekin, lehenagotik ere bai. Ezin daiteke egin Haizea garizumakoa aurrekorik gabe, eta ezin daiteke egin hau Haizea garizumakoa gabe.
Baina badute antzeko atmosfera bat biek ala biek, ezta?
Ez dakit noraino. Oraingo honetan beste gitarra jotzaile bat aritu da, Stephen Ulrich, eta beste giro bat eta sonoridade bat sartu diola uste dut. Ben Monderrek [bere ohiko kolaboratzailea gitarretan] azken hiru kantuetan parte hartu du. Baina nik sesioak egin nituen Kenny Wollesen bateria jotzailearekin eta Skuli Sverrisson baxu jotzailearekin. Hirurek elkarrekin grabatu genituen kantuak, eta gero sartu genituen gitarrak. Nahi nuen probatu ea harantzago joan gintezkeen erritmoetan, eta interesa banuen ikusteko soilik nire gitarrarekin zein izaera hartzen zuten kantuek. Gero badaude beste gauza batzuk, zuk diozun moduan, derrigorrez lotura bat dutenak. Hau zinta batean grabatua da hura bezala, 16 pistetan, 60etako teknikarekin, eta Andy Tommasik grabatu du aurrekoa bezala Brooklynen, estudio berean. Gai aldetik ere antzeko kontuak daude. Oraindik oso hurbil dauzkat bai hau eta bai aurrekoa, perspektiba batekin ikusteko.
Geografia askok babesten dituzte zure kantuak. Oñati, New York, Zubieta... Geografia bakoitzak zerbait berria eskaintzen al dio kantuari?
Hori jakin nahi nuke. Egia da hala ibiltzen naizela, batetik bestera. Badut intuizio bat, eta uste dut denok dugula hortik... Non gertatu, han ostatu. Badakit kantuak sortzeko behar dudala toki jakin bat, izan Oñati, izan Brooklyn, baina zenbat eragiten didan ez dakit. Goizez sortu ohi dut, eta egunerokotasunaren zurrunbiloak, albisteek-eta, bai eragiten didate kalterako, baina tokiak ez dakit...
«Tori errezil sagar bat, eman zure paltoa, geratu zaitez nerekin» diskoko lehen esaldiak asko esaten du. Asko esaten du diskoaren tonu leun eta bizigarriaz. Gonbidapen bat ere izan liteke. Errezil sagarra izan liteke diskoa, ezta?
Ez nuen pentsatu horretan. Hori du ona kantuak, bakoitzak egiten du bere irakurketa. Hurrengo esalditik dator izenburua, Hodeien azpian. Garbi ikusi nuen kantu horrekin hasi behar nuela, baina ez nekien zergatik... Agian eman didazu gakoa [barreak].
Kantuok bere indarrez etorri zaizkizu, ala aurreko lanaren oihartzunetik abiatuta?
Bere indarrez etorri dira, baina lan asko egindakoa naiz disko honetan. Kantuak irudikatzen hasten naizenetik honaino bide luzea igaro behar izaten dut...
Guztiak dira Haizea garizumakoa-ren ondorengoak?
Bai, azken bi urtekoak dira kantu guztiak. Gorabehera asko izan ditut urte hauetan, eta kantuetan topatu dut atsedena. Asko ibili gara Haizea garizumakoa diskoarekin, eta ni ez naiz gai bi gauza batera egiteko, zuzenean jo eta kantuak sortzeko...
Hortaz, ideia oso argi izan duzu buruan, ezta?
Bai, oso argi. Iazko Gabonetan elkartu nintzen Elkarrekoekin, eta planteatu nien diskoa ateratzearen ideia. Ordurako banituen kantu batzuk aurreraturik. Grabatzeko orduan ere uste dut Kennyk eta Skulik oso garbi zutela aurreko diskoaren umorea eta beste zerbait desberdina ematekogogoa. Baziren, arrazoi batez edo bestez, ganbaran geraturiko pare bat ideia. Horiei tiraka hasi nintzen, eta horren ondorioz etorri dira kantuak. Ez daukat metodo handirik, zoritxarrez.
Nor da Elias Ezkurdia?
Nire attajuna zen. Hari eskainia da Eliasen etxea kantua. Aspaldian kantuan ere agertzen zen. Szynborskaren poesia irakurtzen ari nintzela jabetu nintzen beste herrialde batzuetan zein ondo egiten duten memoria ariketa, baina guk gureak ez ditugula kontatzen. Uste dut on dela gogoratzea ez gatozela ezerezetik. Abertzale izateagatik hil arteko zigorra ezarri zioten. Epai horren berri ematen duen egunkari oharra beti eramaten dut aldean.
Errezil sagarrak, intxaur eta gazta, ardoa, belar usaina, eguzkia, ilargia, hodei eta sasiak eta beste aipatzen dituzu. Gauza naturalekin bat egiteko behar moduko bat edo duzu?
Bai, baina gehiago ikusten ditut toki komun moduan: inon diren toki guztiak. Hemen eta Brooklynen gauza bera da ilargia, gazta eta ardoa. Gehiago hartzen ditut atrezzo gisa, asko laguntzen dutenak sarri, beste batzutan ez hainbeste... Baina beste zerbaitez hitz egiteko atrezzo dira. Hori izango litzateke, hain zuzen ere, hodeien artean dagoen mundua. Hortik abiatuta haratago joateko nahi moduko bat da.
Elkarrizketaren batean esana duzu gauza benetakoak atzemateko langintzan aurrera zoazela. Horrela jarraitzen duzu?
Hori esatea asko esatea da akaso. Baina gogoa sakonagora joate hori da, edo gogo hori dauka kantuak, zeren nik egiten dudan guztia kantuaren alde egiten dut. Hau da, kantuek eramaten naute lekuetara. Aspaldian doinuetatik abiatzen naiz, baina, ez da egia osoa ere, zeren eta doinuak esaten dizu zer-nolako hitza behar duen, zer-nolako dentsitatea edo arintasuna behar duen... Beti dago aurrez oihartzun bat, eta horrek bideratzen nau.
Beti kantuaren alde, baina beti lagun ala harekin borrokan?
Borroka handiak izaten dira batzuetan. Ni saiatzen naiz lehendabiziko arnasa atxikitzen, gero eta gehiago. Ez dut apaindu nahi kantua, ez dut arreglatu nahi, musikako hitza erabiliz. Horregatik ez da kasualitatea grabatzen dudan estudioan grabatzea. Tresna eta teknika zaharrak dira, eta horretarako behar da musikari mota bat. Nire ustez, modu desberdin batean ematen duzu kantua horrelako egoera batean. Hori da nik harrapatu nahi dudana.
Esentziara zoazela geroz eta gehiago, alegia?
Hori hitz potoloa da.
Beno, baina ahalegina hori da?
Ez dut erabili nahi aurrejuzkua kantua sortzean. Prozesu luze bat da. Tonua, hitzak ez dira berez etortzen. Pentsatu egin behar da musikari buruz, baina hori da gure eginkizuna, eta neure pasioa ere bai. Batzuetan, kontzertu batera joan, lehen hiru kantuak entzun, eta iruditzen zait badakidala kontzertu osoa zer izango den. Hori da gure langintzaren ondorio gaiztoetako bat. Nekeza da sormena.
Ruper Ordorika. Musikaria
«Kantua beti dago gauzen soluzioan, beti dago gatazkatik kanpo»
Baikortasun neurtua, argi leuna, bizipoz gozoa, soinu dotorezia... Hara zer dagoen 'Hodeien azpian'. Kantuetan sosegu hartuz sosegua aireratzen du Ruper Ordorikaren lan berriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu