Kaosetik kosmosera

Javier Usabiaga artista donostiarrak 61 lan jarri ditu Koldo Mitxelenako Ganbaran, bere lehen erakusketan

gorka erostarbe leunda
Donostia
2010eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Ohiko metafora izan da arte sorkuntzan labirintoarena. Bizitza kaosaren pare, eta kaosa labirintoak ordezkaturik, Jose Luis Borges idazleak egin zuen moduan, adibidez. Ideia berari heltzen dio Javier Usabiagak (Donostia, 1935), baina hitzaren ordez, eskua erabiliz. Eskua margoaren gidari modura. Eta orain artean esku ezezaguna izanagatik, ez esku berria, ez esku zarpaila. Sorkuntza pultso berezi eta pertsonaleko eskua baita Usabiagarena. 75 urteko artistak ume-umetatik izan du arte zaletasuna; ume-umetatik margotu izan du, baina anonimotasunean, isilean, bere baitarako.

Baina azkenean azaleratu da ezkutuko sorkuntza hori; argitara atera da. Bere baitako labirintoak, korapiloak, armiarma sareak, borroka, kezka eta duden adierazpen piktorikoak, erakusketa batean bildu ditu, kaosa ordenatu eta kosmosa bilatu nahian. Frantxis Lopez Landatxe Koldo Mitxelena kulturuneko zuzendariak eragin handia izan du Usabiagaren lana argitara ekartzeko bultzadatxoa emateko orduan. «Artisten lagun modura eta artearen munduan murgilduriko gizon modura ezagutzen nuen Javier. Lagunek esaten zidaten margotu ere egiten zuela. Behin haren etxean ikusi nuen haren obra, eta harriturik geratu nintzen. Hura erakutsi beharra zegoela pentsatu nuen».

Erakusketak 61 lan biltzen ditu, tamaina erdikoak. Akuarela, olio-pastela, argizaria etaklariona erabili ditu paperaren gainean bizitzaren kaos hori erakusteko. Hortik Biziaren gainean, paperaren gainean erakusketaren izenburua -azaroaren 13ra arte egongo da-. Pintzelik ez du erabiltzen Usabiagak, bestelako etxe-tresnak baizik, «sukaldeko labana bat, karrakagailu bat...». Egun batean hasitakoa egun berean amaitzea du lege. «Saio bateko lanak izaten dira. Saioak asko luzatu daitezke, hori bai. Izan liteke hamabi orduz jarraian margotzen aritzea, eta edatea edo jatea ahaztea ere», dio irribarre txikia ahoan duela Usabiagak.

Denboraren obsesioa

Margotzea obsesio du, eta ez du obsesio hori ezkutatzen, «eguneroko intimo bat» baita, azken finean, egunez egun pinturaren bidez osatzen ari dena. Eta obsesio orokor hori obsesio txikiagoaren isla da margolan bakoitzean. Kaosaren eta labirintoen obsesioa dago, eta haren pare-parean, denborarena. «Margotzen hasten zareneko denbora hori oso berezia da. Marra bat margotzen duzu, eta badirudi hark beste bat eskatzen duela, laguntza eskatzen duela, eta dimentsio berezi batean sartzen zara. Denbora sentsazio berezi bat da, dentsoa. Denboraren beste dimentsio batean sartzen zara. Eta une horretan bizi duzuna, buruan dituzun sentimenduak, eta egunerokotasunaren zertzeladek eragiten dute margotzen ari zaren horretan. Denboraren kontzeptua, denboraren kezka oso garrantzitsua da nire lanetan». Denborarekiko kezka horinabari da erakusketaren beraren egituran eta antolaketan. Alvaro Matxinbarrena artista eta KMK Ganbarako erakusketa askoren apailatzailea arduratu da erakusketaren egitura formalaz, lanen ordenaz eta erakusteko moldeaz. «Erakusketak denbora ideia sekuentziala dauka erabat. Lan bakoitzeko marra bakoitzak, beste marra bat bultzatzen duen bezala, koadro bakoitzakhurrengo koadroa bultzatzen du, segida moduko bat osatuz». Eskuin paretan hogei lan, ezkerrekoan beste hogei, zintzilik, ia hegan baleude bezala, ikuslea sare batean harrapatuko balute bezala: «Ez dute ez markorik, ez estaltzen dituen kristalik. Eta hala behar du, arnasa har dezaten. Lan bakoitzak bere irakurketa izan dezake, baina erabateko simetria erabiliz kokatu dira, sekuentzia eta jarraipen sentsazioa indartuz», nabarmendu du egileak berak. Lan bakoitzak ez du izenbururik, baina atzealdean, soilik egileak berak ulertzeko moduan, bakoitza egindako data agertzen da, «berriro ere denborarekiko dudan kezka azalduz». 2001ean egindakoak dira erakusketan dauden lanik zaharrenak, eta iazkoak berrienak.

Ganbarako bi horma horien artean, mahai luze baten gainean beste hogei lan daude ikusteko moduan, horizontalean horiek, eta akuarela teknika erabiliz gehienak, kolore bizitan. Horietan ere Usabiagaren esku pertsonala ageri da, ez baitu paper lakarrean erabiltzen teknika hori, ohiko den moduan, baizik eta paper lau eta irristakorrean. «Horrela, akuarelak bere bidea egiten du. Nik iradoki bakarrik egiten diot puntu batekin, eta paperak berak margotzen du koadroa».

Eta mahaiaren pare-parean, horma nagusian bere autoerretratua iradokitzen duen lana, figuraziotik abstrakziora egindako jauzia» adierazten duena: «Kanpoko gauzak imitatu gabe, gauzak margotu zitezkeela konturatu nintzen, barneko pintura bat badagoela. Niri pintura emozionala interesatzen zait gehiago». Beste 150 lan txikiago erakusten dituzten bi monitorek osatzen dute erakusketa. Lehen erakusketa du Usabiagak, baina ez dizkio ateak ixten gehiago egiteari ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.