Zapaltzen dugun zoruaren azpian gordetzen den kutsadura eta horren atzean dagoen negozioa azaleratzea da Isaias Griñolo (Huelva, Espainia, 1963) artista bisualaren obsesioetako bat. Hamabi urte daramatza bere hiri ondoko industria eta zabortegi kimikoaren jarduna artearen bidez salatzen.
Azken aldian, berriz, industriak Barakaldon utzitako lorratza ikertu du, eta horren gaineko Hemen, dorre horien tokian, gure aitak patata landatzen zuen ikus-entzunezko proiektua aurkeztu du Donostian, Kristinaenea fundazioaren egoitzan ireki duten Lurpeko istorioak erakusketaren barruan. Irailaren 30era arte ikusi ahal izango da, Asa Sonjasdotter artista suediarraren Mobilizazioa/Erresistentzia proiektuarekin batera. Erakusketa itxi ostean, modernitateari eta nekazaritzari buruzko mintegi bat egingo dute, urriaren 1ean.
Sarri ez gara jabetzen begien bistan ez ditugun kontuez. Nolako istorioak aurkitu dituzu lurpean?
Ikaragarria da gure inguruko zoru ugariren azpian daukagun pozoia. Sarri ez gara horretaz konturatzen, ikusten ez dugulako. Antzeko zerbait gertatzen da erantzuleekin. Kapitalak ez du aurpegirik, gertu ditugun enpresen atzean multinazionalak daude, eta haiek dira munduaren gobernua, eta ez da erraza izaten benetako erantzulea seinalatzea. Kristinaenea fundazioak patatatik abiatutako erakusketa bat egitea proposatu zidanean, multinazional bakar batean jarri nuen arreta osoa: Fertiberian, ongarriak sortzen dituelako. Gogoratu nintzen Barakaldon Sefanitro izeneko enpresa bat egon zela, gerora Fertiberiak erosi zuena. Bilatzailean «Barakaldo-Patata-Fertiberia» idatzi eta Jon Goikoetxearekin eta haren esaldi magikoarekin egin nuen topo: «Hemen, dorre horien tokian, gure aitak patata landatzen zuen». Bere aitaren istorioa kontatzen duen bideo bat egin dugu.
Eta erakusketan ikus daiteke.
Kapitalismo kimikoaren eredu bat da Goikoetxearena. Serapiori eta beste 51 lur jaberi lurrak kendu zizkieten 1941ean, gerratik atera berri zen estatuarentzat interes nazionalekoa zelako ongarrien industria. Barakaldon kokatu zuten Seranitro fabrika, eta Bizkaiko Labe Garaietan sortzen zen azido sulfurikoa hodi bidez eramaten zuten hara. Azkenean, Juan Miguel Villar Mir enpresariak doan erosi zuen 1996an, eta dirutza baten truke saldu zuen hamar urte geroago. Horrela, patata lurra zena adreiluarentzako eta pisuentzako lur bihurtu dute, azpian pozoia izan arren. 70 urte eta gero gerra harrapakina kobratzea bezalakoa da.
Gerra harrapakina?
Bai. Izan ere, Villar Mir Juan Carlos erregearen monarkia diktatorialeko gobernuaren presidenteorde izan zen 1975etik 1976ra bitartean. Harrezkero, energia,siderometalurgia, eraikuntza eta ongarri enpresen inperioa eraiki du. Aurpegia jarri behar zaio kapitalismo kimikoari.
Arte bisualaren bidez jarri diozu zuk aurpegia.
Dena dela, Villar Mirrena aurpegi bat baino ez da beste hainbaten artean.
Arte militantea da zurea?
Ikerketa militantea egitea, esaterako, oso modan dago egun. Bada, nik ikerketa artistiko lardatsa egiten dut. Pelikuletan bezala, zabor kimikoa garraiatzen duten kamioien atzetik ibili izan naiz, nora doazen jakiteko. Bizitza modernoaren margolaria naiz, John Bergerrek dioen moduan. Errealitate konplexu baten erretratua egiten ari naiz, eta horretarako aurpegia erakutsi behar da. Izen-abizenak eman.
Neurri batean, memoria historikoa lantzen du zure jardunak.
Sinestezina da Txilen eta Argentinan kontuak eskatzen ibiltzea eta Espainian isilik egotea. Milaka gorpu daude oraindik bide bazterretan lurperatuta, baina hori baino askoz ere zabalagoa da memoria historikoa. Jon Goikoetxeak, adibidez, ezin ditu frankismoak aitari kendutako lurrak eskuratu. Hori ere azaleratu behar da.
Zure ibilbide artistikoan behin baino gehiagotan seinalatu dituzu sistemaren arrakalak, eta zentsura ere jaso duzu ordainetan.
Kapitalismoari izen-abizenak jarri dizkiodanean isilarazi nahi izan naute, behin baino sarriago. 2006an Huelvako industria kimikoaren sarraskiei buruzko erakusketa bat antolatu genuen Sevillan, eta dena muntatu ostean, aterik ez zen zabaldu. Sevillako San Fernando kutxa zen antolatzailea, eta men egin zuen presioaren aurrean. Jakina, industria kimikoak diru asko du, eta diru hori banku eta kutxetan gordea dute. Nahikoa izan zuten kutxara telefono dei bat egitea erakusketa zarratzeko. Iaz, Principio Potosí erakusketa kolektiboan parte hartu nuen Madrilgo Reina Sofia museoan, eta Fertiberiak berehala bidali zuen fax bat museora, argazkietatik haien logoak ezabatzeko eskatuz. Ordukoan ez zuten ezer lortu, zorionez.
Kultura kezko hesi gisa erabiltzen dela salatu izan duzu proiektu batzuetan.
Barne arazoak proiektuan landu nituen kultura-politikak eta horien inplikazio sozialak. Argi esateko, kultura arduradunek ez dute kulturan sinesten. Zergatik piztu da halako zalaparta Donostia kulturaren hiriburu izatearen inguruan?... Botereak propagandarako erabiltzen du kultura.
Oroitzapenik eza da zure ibilbidearen beste ardatz bat.
Badajozen egin nuen horri buruzko proiektu bat, hango zezen plazaren inguruan. 1936ko abuztuaren 14an nazionalek 4.000 lagun hil zituzten egun bakarrean, eta zezen plaza kartzela eta hilketa zentro bihurtu zuten. Demokrazia iristean hutsik eduki zuten eraikina, eta 2000. urtean Badajozko presidente sozialistak eraikina bota eta kongresu jauregi bat eraiki zuen. Horixe da oroitzapenik eza, izugarrikeria jasan zutenek oroitzapenaren sinboloa desagerraraztea.
Argazkiak, bideoak eta egunkarietako berrien zatiak uztartu dituzu Donostiako erakusketan. Zeren arabera hautatzen duzu euskarria?
Istorio bat kontatzea da nire helburua, eta kontakizunak eskatzen didanaren arabera hautatzen ditut elementu ezberdinak. Euskarri guztiak elkarri lotuta daude, eta nire proiektu guztiak lotuta daude era berean.
Isaias Griñolo. Artista
«Kapitalismoari izen-abizenak jarri dizkiodanean isilarazi nahi izan naute»
Huelvako artistak 'Lurpeko istorioak' erakusketa zabaldu du Kristinaenea fundazioaren egoitzan, industria kimikoak bereziki Barakaldon eginiko desmasiak azaleratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu