Karlos Linazasoro Izagirre (Tolosa, 1962) izan da Nazioarteko I. Xabier Lete poesia sariko irabazlea, Ezer gehiago behar gabe lanarekin, lehiaketaren antolatzaile Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur jakinarazi duenez. 22 lan aurkeztu ziren, eta Igor Estankonak, Joserra Garziak, Tere Irastortzak, Jose Angel Irigaraik eta Lourdes Otaegik osatu dute epaimahaia. Hamar mila euro jasoko ditu irabazleak.
“Poema liburu eder eta handia da Ezer gehiago behar gabe, ideietan, metaforetan eta adierazteko moduetan aurkikuntza poetiko asko dituena", dio epaimahaiak. "Bere ahots lirikoa adierazteko modu laburrean, gaien kontzentrazioan, hautematearen gelditasunean eta hausnarketaren sakontasunean bereizten da. Azpimarratzekoa da sentimenduak eta natura elkartzeko dotoretasuna eta amodioari zein galdutako paradisuei kantatzerakoan dagoen autoironia. Errepikatzeek eta gai berera itzultzeak poema bildumaren indarra areagotzen dute. Obra irabazlean poesia klasikoaren ezaugarri guztiak biltzen direla esan dezakegu. Dena den, sentsazioen adierazpenetik sortu diren irudiak eta hausnarketak surrealismoaren askatasunaren atzetik dabiltza”.
Euskal Filologian lizentziaduna da Linazasoro, eta Tolosako udal liburutegiko liburuzain bezala egiten du lan. Haurrentzako, gazteentzako zein helduentzako liburuak idatzi ditu.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Nazioarteko I. Gabriel Zelaia poesia saria ere antolatu du, eta Miguel Sanchez Robles (Espainia, 1957) izan da garailea, Treinta maneras de mirar la lluvia lanarekin. 27 lan aurkeztu ziren, eta Carlos Aurtenetxe, Felix Maraña, Jose Maria Parreño eta Elena Romanek osatu dute epaimahaia. Sanchezek ere hamar mila euro jasoko ditu.
Aldundiak dio XX. mendeko bi poeta erreferenteren artean direla Gabriel Zelaia (Hernani 1911 - Madril 1991) eta Xabier Lete (Oiartzun 1944 - Donostia 2010).