Artea

Katz-ik ezezagunena erakutsi du Guggenheimek

Nagusiki erretratuek bilakatu dute bizirik den AEBetako artista ezagunenetariko bat Alex Katz, baina haren paisaiagintzari eskaini nahi izan diote erakusketa orain Bilbon

Alex Katz artista, gaur, Guggenheimen. LUIS TEJIDO / EFE
Inigo Astiz
2015eko urriaren 22a
14:10
Entzun

“Orainaldirik berehalakoena harrapatzen saiatzea”. Esaldi horrekin laburbildu du bere sorkuntzaren muina Alex Katz artistak (Brooklyn, AEB, 1927). Dioenez, bultzada horrek gidatu du gaur egungo AEBetako artista ezagunenetariko bat bilakatu duten erretratuak sortzerakoan, eta bultzada horrek gidatu du baita paisaiak margotzerakoan ere. Baina ez du jaso haren paisaiagintzak erretratuek besteko sonarik. Egungo artista ezagunenetariko baten alderik ezezagunena dira. Hain justu ere aurpegi ezkutuago hori da, ordea, Bilboko Guggenheim museoak Alex Katz. Hemen eta orainizeneko erakusketarekin erakutsi nahi izan duena. Haren 35 paisaia jarri dituzte ikusgai 105. aretoan, erraldoiak haietariko gehienak. Istanterik txikiena irudikatzen.

Haize kontra deskribatu du beti artista Juan Ignacio BidarteBilboko Guggenheim museoko zuzendariak. “Figurazioan hasi zuen Katzek bere ibilbidea, abstrakzioa bogan zen garaian. Eta kriterio askatasun horrek nabarmendu du bere lana ibilbide osoan zehar. Ez dio sekula irudiari ukorik egin, espresionismo abstraktuak aldarrikatu bezala, baina badu mugimendu horrekin loturarik”. Arin eta garrantzi gabekotzat baztertu izan dute luzez haren lana zenbait kritikarik, baina denbora da AEBetako II. Mundu Gerra osteko artearen kanonaren parte dela. Kanonikoa izan arren, ordea, ez dira ezagunegiak bere paisaiak, eta hor jarri nahi izan dute begia orain. Bidarte: “Sortzailearen ibilbideko une esanguratsu bat erakutsi nahi izan dugu”.

Eskala, ihesbide

Lan prozesua ere ikusi daiteke erakusketan. Izan ere, tamaina handiko koadroekin batera, haien oinarrian dauden zirriborroak ere bildu dituzte erakusketarako. Naturan bertan egindako zirriborro horietan igartzen da argien Katzen orainaldirik berehalakoena harrapatzeko saiakera. Artistak azaldu du prozesua: “Ilunabar bat margotzeko 20 minutu baino ez dituzu, eta zirriborroa baino egiteko denborarik ez duzu hor”. Zirriborro hori eskala handiagora eramaten du gero artistak, eta urrats sintetikoago bilakatzen doa lana, harik eta neurri erraldoian amaitutzat ematen duen arte. Hori da prozesua, eta hor ikusi daiteke Jackson Pollockekin duen senidetza. “Eskala erraldoira jotzea izan zen espresionista abstraktuek Paristik ateratzeko asmatu zuten modua”.

Izan ere, hor kokatzen da Katzen lana: oin bat inpresionisten unean uneko paisaia harrapatzeko asmoan, eta beste oina Jackson Pollocken pintatzeko era energikoan. Nolabait ere, margolari abstraktuen espirituz lantzen du figurazioa. Eta koadroekin batera, koadroen sorkuntza prozesua erakusten duen bideoan ikusi daiteke hori argien. Pintzel kolpe argiz, eta energiaz, bost ordutan amaitzen baitu lan horietako bat. Katzek azalpena. “Picasso-eta aritzen ziren irudia sortu, desegin, berriz sortu eta desegiten, eta hala sortzen zituzten beren artelanak. Nik ezin dut halakorik egin, okerrera egiten dute nire lanek. Niri Pollocken edo Matissen zuzenean pintatzeko modua gustatzen zait. Horra jo nahi dut nik”. Michael Rooks eta Petra Joos komisarioek ere hori nabarmendu dute: “Abstraktu batek bezala margotzen du, baina figuraziora lerratzen da”.

Irribarreak elurretan

Ez da Katzen lanak Bilbon dauden lehen aldia. Smile izeneko erretratu seriea erosi zion Guggenheim museoak orain urte batzuk artistari, eta behin baino gehiagotan ikusi ahal izan dira pieza horiek bertan. Orain zabaldu den paisaien erakusketan ere bada haien oihartzunik, halere. Izan ere, bere emaztea da Katzen erretratuetariko protagonistetariko bat, eta paisaiei eskainitako erakusketa den arren, Katzek bere emaztearen erretratu bat ere txertatzen baitu koadroetariko batean. Paisaia elurtua atzean, ezpain gorridun emakumea lehen planoan.

Aurrez Atlantako High museoan erakutsi dute erakusketa, eta haren betsio txikiagoa da orain Bilbon ikusi daitekeena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.