Kausa eta ondorioa

Lorea Agirre.
2010eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Sortzaileak bere lana zaleen aurrean aurkeztu eta azokako estanean sortzaile horren lana saldu. Ahotseneko karpan kantu bat jo, hitz batzuk egin, poema edo ipuin bat errezitatu edota elkarrizketatua izan, eta ondoko Landako aretoan salmentek gora egin. Bataren eragina bestean. Kausa eta ondorioa. Kasik lege fisiko huts baten ebidentzia: maitatuko bada, ezagutu egin behar da.

Alegia, bistaratzen ez zaigun sormen lanik, begien aurrean ez dugun libururik, entzuten ez dugun musikarik, erakusleihoan ez dagoen kulturarik nekez ikusiko dugu, apenas ezagutuko ez erosiko ez kontsumituko eta ez gozatuko. Beharbada horixe du euskal kulturak arazo larrien gaurko kultura handien esparru globalizatu honetan: sortu sortzen da, ekoitzi ekoizten da, baina ez da ikusten, ez da ezagutzen.

Eta ezagutzeko, transmititu egin behar da.

Ahotseneak transmisioaren errotari eragin dio. Eta azokan igarri da. Hain sinple. Katea martxan jarri du: sortu, ekoitzi, transmititu, merkaturatu eta kontsumitu. Begi bistako beste lege fisiko bat: kateak urrats guztiak betetzen baditu, ez dago etenik kultur lanaren bidean, ez bada zalearen oniritziak edo gaitziritziak sor lezakeen galbahea.

Eta horretan ere ez gara hain berezi. Durangoko salmenta eta bisitari kopuruaren gorabeherak baino garrantzitsuagoa da Ahotsenean gertatu dena. Ez bakarrik bost egunean berrehun bat sortzailek 76 ekitaldi egin dituztelako bertan (eskertzekoa sortzaileen inplikazioa), eta karpa jendez beteta egon delako, baizik eta oinarrizko beste lege fisiko bat bete delako: euskaldunok gainontzeko jendeen berdinak gara. Pentsatzen jarriak ginen euskal kulturak ez zuela erremediorik. Beste kulturetan funtzionatzen duenak hemen ez duela balio. Baina ez, ez gara hain bereziak: agian, ez dugu ezkutuan dagoenaren bila hasteko lanik hartuko, baina parean jarriz gero badakigu gurea ere estimatzen.

Ahotsenea-Azoka binomioa maila orokorrago batera ekar dezagun. Azoka Euskal Herriko saltokiak dira, izan fisiko izan sareko. Ahotsenea, demagun, eskola eta ikastolak direla, edota aisialdi taldeak edo kultur taldeak, edo zale taldeak, edo gaztetxeak, espazio alternatibo zein ofizialak...

Transmisioa eta merkatua txanpon beraren alde biak dira: transmititzen ari garen heinean, sozializatzen ari gara, merkaturatzen, eta merkaturatzen ari garenean, transmititzen. Biak dira behar-beharrezko, merkatuaren izaera (erosi, saldu, trukatu, jaitsi, eman eta hartu) eta transmisioaren izaera (arautu, ez-arautu, zuzeneko edo sareko) edozein dela ere. Tartean sortzailea eta zaletua buruz buruko harremanean: sormen lana eta kultur produktua, eta zaletua eta kontsumitzailea. Eta sortzailea eragile, eta zalea sortzaile. Profesionalak eta amateurrak. Artea eta kontsumoa. Eta horren guztiaren indargarri eta zentzu emaile hedabide sare bat, transmititu ahala transmititua balioan jartzen, eta testuinguru kultural baten baitan zentzua ematen,historia baten jarraiduran eta iraupenean kokatzen, sortzaileei hitza ematen, zaleei iritzia eskatzen...

Hori da kultur katearen sarea. Kulturaren ekosistema bat. Hori da kultura handiek egiten dutena, ia modu naturalean. Ados, badakigu, bereganatuak dituzte transmisio bide gehienak, euren guztiak eta baita gureetako asko ere (eskolak zer transmititzen du? Eta hedabideek?). Gurearen transmisio naturalerako eremurik apenas dagoen (Pirritx eta Porrotxek salbatzen gaituzte, zergatik ote?). Ez dago sistema perfekturik, areago tartean pertsonak eta hizkuntzak badaude. Horregatik jarri behar kate osoa eta lege fisiko guztiak berariaz lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.