1995 eta 1999. urteen artean agertokiz agertoki ibili zen Ke No Falte. Jamaikako musikaren eta, zehazki, reggaearen ordezkari bilakatu zen Bilboko taldea, eta lau urtez roots, pop, raggamufin' eta rock doinuak barreiatu zituen hamaika kontzertu eta bi diskotan. 1999an atseden hartzea erabaki zuen taldeak, eta orain, 2012an, hamahiru urte geroago, itzuli egin da. Jatorrizko taldekideetatik Jose Frejenal (ahotsa eta gitarra) eta Axier Garai (baxua) gelditzen dira, eta beste hainbat lagunekin batera taldearen itzulerako diskoa grabatu dute: Vente conmigo (Baga-Biga).
«Beti musikariak izan gara, eta, oraindik publikoaren bihotzera iristeko gogo berbera dugunez, hemen gaude», hala arrazoitu dute taldekideek buelta. Bere garaian taldekide bakoitzak bere bidea egitea erabaki zuen. Orain, berriz, itzultzeko ordua iritsi zaie. «Zergatik itzuli garen? Inoiz ez ginelako joan...»
Vente conmigo joan den urtean grabatu zuten. Kantu batzuk (Mi samba reggae, Wayayo, Aquí seguiré, Busca la vida) Bilboko Belfegore estudioetan grabatu zituzten, Luis Ruizekin. Beste batzuk (Vente conmigo, Volverte a ver, Un solo corazón, Mambo Nº9) Koba estudioetan, Xanpe teknikari zutela. Eta azkeneko bat (Acércate a mí), Malagan, Espainian. Guztiek osatzen dute diskoa. Musika sustraidunetik ez ezik, fusiotik ere edaten du diskoak: «Fusioa eta nahasketa oso gustuko ditugu. Guretzat musika bizitza bera bezalakoa da. Zenbat eta gehiago atondu eta aberastu norberaren bizitza, gehiago ikasten duzu. Bizipen horiek guztiak kontuan hartuta, musika hobea sortzeko gai zara».
Vente conmigo-n reggae musika entzun daiteke, baina Afrika eta Hego Amerikako doinuak ere badira tartean. Horrela ateratzen zaizkie kantuak. Eta horretan zerikusia izan dute grabazioan lagun izan dituzten adiskide guztiak ere. Besteak beste Carlos Velasco gitarristak, Alicia Bilbao abeslariak eta Miguel Paredesek (gitarrak, sintetizadoreak, programazioak) hartu dute parte grabazioan.
Ke No Falte reggae taldeak disko bat atera du, 13 urte isilik izan ostean
Musika sustraidunaz gain, Afrikako eta Hego Amerikako doinuak ere eskaintzen ditu 'Vente conmigo'-k
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu