Ken Zazpik Ortzemugak begietan bere seigarren diskoa aurkeztuko du bihar Donostiako Kursaalekoauditoriumean, 20:00etan hasita. Hamabost euro balio du sarrerak.
«Taldeak arrisku handiak hartu ditu lan honekin, ekonomikoki nahiz emozionalki», azaldu dute bizkaitarrek. Los Angelesen grabatu dute diskoa, Rafa Sardinaren estudioetan. Munduko ekoizlerik puntakoena da Sardina, 11 Grammy Sariren jabe. Besteak beste, Michael Jackson, Macy Gray eta Alejandro Sanzen ekoizle izan da.
Ortzemugak begietan diskoa, besteak beste, maitasunaz, 36ko gerrako hobi komunez eta gaurko gizarteaz ari diren hamar abestik osatzen dute. «Asko landutako diskoa da», dio Eñaut Elorrieta abeslariak. «Emozioetatik abiatuta» sortu dituzte abestiak, eta emozioei hitzen bidez forma emateko hainbat sortzaileren laguntza izan dute. Joseba Sarrionandiarenak dira Hemen gaude eta Giltzak izeneko abestien letrak. Maialen Lujanbiok Eta azkenak hasera idatzi die, Bala bat lurpean Julen Gabiriak eta Itsasoa gara Jon Maiak.
2001eko maiatzean kaleratu zuen Ken Zazpik lehen diskoa: Atzo da bihar. Haren atzetik etorri ziren Bidean, Gelditu denbora, Argiak eta Ken Zazpi urte zuzenean. Eñaut Elorrietak (gitarra eta ahotsa), Igor Artzanegik (baxua), Beñat Sernak (gitarra), Iñaki Zabaletak (trikitixa eta teklatuak) eta Jon Freskok (bateria) osatzen dute taldea.
Ken Zazpik bere azken lana aurkeztuko du bihar Kursaaleko auditoriumean
'Ortzemugak begietan' diskoa Los Angelesen grabatu dute, Rafa Sardina ekoizlearen estudioetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu