Bi film, bi proposamen erabat ezberdin aurkeztu zituzten atzo, Veneziako zinema jaialdiko Sail Ofizialean. Batetik, Olivier Assayasen Après mai sotila. 1968ko Maiatzeko iraultzaren ondorena nerabeek nola bizi izan zuten kontatu du zinemagile frantziarrak, modu malenkoniatsuan. Bestetik, yakuzen borroketako irudi ezin bortitzagoak eraman ditu Veneziara Takeshi Kitanok Outrage Beyond filmarekin. Harrera nahiko hotza egin zioten kritikariek zinemagile japoniarraren azken lanari.
Hain zuzen, Urrezko Lehoia irabazteko lehian ari diren hemezortzi filmetako —larunbatean bukatuko da jaialdia— zuzendarien artean Kitano da Veneziako zinema jaialdiko sari nagusia irabazi duen bakarra. 1997an izan zen, Hana-Bi filmarekin. Ez dirudi, ordea, aurten sari bera emango diotenik japoniarrari.
Outrage filmaren bigarren zatia da Outrage Beyond. Kitanok badaki istorio txikiagoak, sotilagoak kontatzen — Kikujiro no Natsu-n (1999), esaterako—, baina kasu honetan akzioa, azkartasuna bilatu du, yakuzen eta polizien arteko borrokak erakutsita. «Zinema artistikoagoa egitea gustatuko litzaidake, baina film entretenigarriak egin behar ditutikusleak edukitzeko», aitortu zuen Kitanok, atzo, emanaldiaren ondorengo prentsaurrekoan. Kritikarien esanetan, hain da biolentoa filma, ez dago parodiatik urrun. Hori bai, nabarmendu dute eszenak bikain diseinatuta daudela.
Tonu horretatik aldenduta, 1968ko Maiatzeko iraultzaren ondorengo giro «serioa eta tristea» islatu du Assayasek bere filmean. «Urte horietan politikarekiko obsesio konstante bat zegoen. Frantziako ezkerreko jendearen artean bazegoen zerbait biolentoa, tristea, eta hori gazteengan islatzen zen», azaldu zuen Assayasek, atzo. Clement Metayerrek interpretatu du Assayasen alter ego-a. Filmak kontatzen du, hain zuzen ere, nola onartu zuen bere porrota. Nola garaitu zuen bide artistikoa grina politikoak.
Kitanoren proposamen bortitzari harrera hotza egin diote Venezian
Assayasek 'Après mai' aurkeztu du, 68ko Maiatzeko ondorenari buruzko hausnarketa malenkoniatsua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu