Zinema. Estreinaldiak

Klonen maitasuna

Kazuo Ishiguroren 'Never Let Me Go' zientzia-fikzioko alegia iluna pantaila handira eraman du Mark Romanek-ekNorbere bizitzaren gaineko kontrolari buruzko galdera planteatzen du filmak

Kazuo Ishiguro idazlearen izen bereko eleberrian dago oinarrituta 'Never Let Me Go' filma. Irudian, filmaren eszena bat. - / BERRIA.
Gontzal Agote.
2011ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Japonian sortua, Kazuo Ishiguroren familia Erresuma Batura leku aldatu zen eta hango kultura giroan hezi zen gaur egungo idazle britainiarrik inportanteenetakoa dena. Lau aldiz izana da Man Booker sari ospetsurako hautagai eta duela gutxi inoizko idazle britainiarren onenen zerrendan sartu du The Times egunkariak.

Never Let Me Go idazlearen seigarren eleberria izan zen, 2005ean eman zuen argitara eta hasiera batean harridura eragin zuen Ishiguroren jarraitzaileen artean. Izan ere, bide berria urratu zuen idazleak, 90eko Ingalaterran girotutako zientzia-fikzio alegia ilun eta ezohikoa egin zuelako. Hala ere, harrera oso ona izan zuen eleberriak, hainbat sari eta aipamen jaso zituen eta joan den hamarkadako klasiko txiki bihurtu zen.

Horiek horrela, ez da harritzekoa zinemarako bertsioa egiteko interesa piztu izana. Horren aurretik, Ishiguroren beste liburu batek bide bera segitu zuen, 1993an James Ivoryk The Remains of the Day moldatu baitzuen. Stevens maiordomo eta Kenton anderearen arteko harremana ederki eraman zuen pantaila handira zinemagileak eta arrakasta handia izan zuen filmak. Besteak beste, urte horretarako Oscar sarietarako zortzi izendapen izan zituen, nahiz eta azkenean bakar bat ere ez zuen eskuratu. Hala ere, zinemazaleen gogoan gelditu da filmaren girotze ederra eta Anthony Hopkins eta Emma Thompsonen interpretazio bikainak.

Ez da hori Kazuo Ishigurok zinemarekin izan duen hartu-eman bakarra. Bi pelikuletarako gidoiak idatzi ditu, The Saddest Music in the World (Guy Maddin, 2003) eta The White Countess(James Ivory, 2005). Nolanahi ere, oraingo honetan ez du gidoia idatzi nahi izan, eta lan hori Alan Garland lagunaren eskuetan utzi du.

Gezurrezko paradisua

Zuzendari lanetan, berriz, Mark Romanek (Chicago, 1959) dugu. Gehienbat bideoklip musikaletan egin duen lanagatik da ezagun, azken urteotako musikari ospetsu askorekin egin izan du lan: R.E.M., Nine Inch Nails, Michael Jackson, Madonna, Robyn Hitchcock...

Zineman, berriz, ez du horrenbesteko zorterik izan. 1985ean egin zuen bere lehen film luzea, Static izeneko drama independentea. Sundanceko jaialdian aurkeztu eta harrera ona izan zuen, baina hortik aurrerako bide komertziala hutsaren hurrengo izan zen. Handik hamazazpi urtera bigarrena etorriko zen, One Hour Photo thriller psikologikoa. Robin Williams zuen protagonista nagusia, baina film honek ere ez zuen aparteko oihartzunik izan.

Zientzia-fikzioaren eremuan

Hirugarren ahaleginean zientzia-fikzioaren eremura jo du Romanek-ek. Baina ez da ohiko zientzia-fikzioa, Never Let Me Go-k kontatzen duena ez da generoaren betiko istorio horietako bat. Are gehiago, Kazuo Ishigurok behin baino gehiagotan esan izan du ezinezko maitasun istorioa idatzi nahi izan zuela, eta hori dela argumentuak duen alderdirik inportanteena, gainerakoa janzkera da. Izatez, klonen inguruko istorioa da Never Let Me Go, baina horren atzean norberak bere bizitzaren gainean duen kontrol mailaren inguruko galdera sakona dago.

Itxura batean Hailshameko barnetegia leku idilikoa da, eta han dauden ikasleak pertsona pribilegiatuak dira. Hala sentitzen dira guztiak, askatasun handia dute eta dohain artistikoak garatzeko aukera guztiak.

Kathy, Ruth eta Tommy barnetegian dauden hiru ikasle dira. Lehenengo biak lagun-minak dira, baina bien artean Tommyrekiko sentitzen duten maitasuna sartuko da. Hailshametik ateratzea lortzen dutenean kanpoko mundua ez dela haiek uste zuten bezain perfektua ikusiko dute eta sekretu izugarri bat ezagutuko dute.

'NEVER LET ME GO'

Zuzendaria: Mark Romanek.

Aktoreak: Carey Mulligan, Keira Knightley, Andrew Garfield, Sally Hawkins, Charlotte Rampling, Domhnall Gleeson.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2010.

Iraupena: 103 minutu.

Estreinaldiak: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.