Koherentzia 'arraro' hori

Publiko zabala nahiz alternatiboa limurtzen jakin duen taldea izan da R.E.M.; 31 urteko ibilbidearen ostean aurreko astean jakinarazi zuen bidaia amaitu duela.

Michael Stipe, Mike Mills, Bill Berry eta Peter Buck, R.E.M.-en hastapenetan, laukote zirenean. Z / BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2011ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Irailaren 21ean bere webgunean jarritako oharraren bidez jakinarazi zuen R.E.M. taldeak desegiteko erabakia hartu zuela. 31 urteko ibilbidea, estudioko hamabost disko, zuzeneko bakan batzuk, ezin konta ahala kontzertu —txiki, ertain nahiz erraldoi—, eta jarraitzaile saldo zenbakaitza utzi ditu atzean Athenseko taldeak (Georgia, AEB). Eta erabakia arrarotzat eta ulertu ezinezkotzat jo du askok eta askok, bai zaleek, baita hedabideetako adituek ere. Arraroa, aurten bertan plazaratu zuelako taldeak Collapse into Now azken lana. Arraroa, oraindik ere neurri ekonomikotan aski errentagarria delako taldea, eta beste garaietan baino maiztasun txikiagoarekin izanagatik ere, oraindik ere tarteka kantu ederrak sortzeko gaitasuna erakutsi duelako.

Taldeek joera handiagoa dute gaur egun kosta ahala kosta irauteko, eta are, behin eta birritan desegin ondoren berriro ere plazara agertzeko, eta ez, kasurik gehienetan, motibazio artistikoek bultzaturik —nahi adina adibide dago—. Hain zuzen ere, jende gehienarentzat arraroa den erabaki hori hartzeko gaitasunak ematen dio gainbalioa Michael Stipe, Peter Buck eta Mike Millsek osatutako taldeari. Norbaitek esan dezake, hala izatera, lehenago ere har zezaketela erabakia, taldearen sorkuntza urte onenak aspalditxoan igaro zirelako. Eta ez zaio arrazoirik faltako argudio horri ere. 1983an Murmur estreinako laudatu eta berezia —folk-rock, post-punk eta garage rock elementuak eduki arren, inolako erreferentzia argirik ez zuena— plazaratu ondotik disko oso eta ederrak kaleratu zituzten hurrengo hamarkadan. Reckoning (1984), Lifes Rich Pageant (1986) eta Document (1987) indie-kin zirkuitu eta hedabide alternatiboen oniritzia jasotzeaz gain, publiko zabalarenganako bidea hasi zuten, eta Warner Bros multinazionalak fitxatu ostean Out of Time (1991) eta Automatic for the People (1992) ezagun eta arrakastatsuak kaleratu zituzten, kalitateari oraindik ere muzinik egin gabe.

Gorabeherak azken urteetan

Gorabehera gehixeago izan zituen taldeak hortik aurrera, eta zenbait disko makalekin batera —Monster (1994), Up (1998) eta Around the Sun (2004), esaterako— euren jatorrizko nortasun eta indarra berreskuratzen zutenak —Accelerate (2008)— tartekatu dituzte azken bi hamarkadetan.

Hastapenetan musika alternatiboaren ikur izanik, publiko zabalago batera iristen jakin zuten. Edo baita alderantziz ere. Bere koherentzia arraro horretan datza R.E.M.-en arrakasta. Jendeari ezagun zaizkio taldearen hamaika kantu (Evereybody Hurts, It's the End of the World As We Know It, Orange Crush, Radio free Europe, Losing My Religion...), nahiz izan entzule kontzienteak ala bestelakoak, kantuek euren bidea egin duten seinale.

Taldeak agur esatea erabaki du. Hiru kideek adierazi dute une egokia dela, ez dagoela arazorik euren artean, eta agur noiz esan jakin behar dela. Euren koherentziak erabateko sinesgarritasuna izango du, agurra behin betikoa bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.