Zinema. Estreinaldiak

Koherentzia eta eguneroko erabakiak

Gaur estreinatuko dute Susanne Bier zuzendari daniarraren 'Hævnen', Oscar sari bat irabazi berri duen filmaMendebaldeko zibilizazioaren jokaeraren gaineko hausnarketa zabaldu nahi du lanak

Mikael Persbrandt (Anton) eta William J¿hnk (Christian) aktoreak, filmeko irudi batean. Z / BERRIA.
Gontzal Agote.
2011ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Ingelesez besteko filmik onenaren Oscar saria irabazi berri du Hævnen (In a Better World) filmak. Besteak beste, Incendies kanadarra eta Kynodontas greziarra zituen aurkari, baina, azkenean, AEBetako akademiako kideek drama daniarraren alde egin zuten. Horrek bultzada eman dio filmari, eta sona handiko estreinaldien maila eskuratu du.

Nolanahi ere, Susanne Bier zuzendaria ez da hasiberria. Ibilbide luzea egin du Suedia eta Finlandia artean, eta gaur egun bere herriko zuzendaririk inportantenetako bat da. Berez, 1990ean hasi zen bere zuzendari jarduera, Freud flyttar hemifran filmarekin. Hala ere, Danimarkan ospe handia ekarriko zion filma Den Eneste Ene (1999) izan zen. Horren ostean, Lars Von Trierrek sortutako Dogma mugimenduaren barruan bere aletxoa jarri zuen: Elsker dig for evigt (2002). Nazioartean, baina, Bierren izena hurrengo lanarekin hasi zen ezagun egiten, Br¿dre-rekin. 2004ko film horrek Sundanceko jaialdiko ikusleen saria jaso zuen, eta urte horretako Donostiako Zinemaldian lehiatu zen. Ez zuen sari nagusia irabazi, baina bi aktore nagusiek, Connie Nielsenek eta Ulrich Thomsenek, interpretazioei emandako zilarrezko maskorrak eskuratu zituzten. 2009. urtean Jim Sheridanek film horren remake estatubatuarra egin zuen, Brothers, Jake Gyllenhaal eta Natalie Portmanekin.

Horren ostean, Bierrek oso harrera ona izan zuen Efter brylluppet dramarekin (2006). Oscar sarietarako lehen izendapena lortu zuen zinemagile daniarrak. Ez zuen saria lortu, baina Hollywoodeko ateak parez pare ireki zizkioten. Horri esker, 2007an Hollywooden sartu-atera bat egin zuen, Things We Lost in the Fire-ren bitartez. Besteak beste, Halle Berry eta Benicio del Toro izan zituen bere aginduetara, baina pelikulak ez zuen sobera harrera ona izan.

Nonbait, Bier bera ere ez zen oso gustura sentitu esperientzia estatubatuarrarekin, eta hurrengo filma Danimarkan egitea erabaki zuen. Gaur pantaila handira ailegatuko da Hævnen, Bierri satisfazio handia ekarri dion lana. Izan ere, Oscar sariaz gainera, ingelesez besteko filmik onenaren Urrezko Globoa ere irabazi du.

Afrikako medikua

Filmaren bitartez Bierrek galdera potolo bat egin nahi izan du: gure zibilizazioa mundua hobetzeko bidea ote den ala gure miseriak estaltzen duen mozorro hutsa. Hævnen-ek, jakina, ez du erantzunik ematen, baina gaiaren inguruan hausnartzeko bide batzuk zabaldu nahi ditu.

Anton Afrikako errefuxiatu eremuetan lan egiten duen mediku idealista bat da. Danimarkan bizi dira emazte ohia eta seme-alabak. Zeharo diferenteak diren bi mundu horien artean ibiltzen da Anton, eta egiten ari denarekin harro eta seguru dago.

Baina seme nagusi Eliasek arazoak ditu eskolan, gaztetxo talde batek ez baitio bakerik ematen. Christian ikasle iritsi berriak defendituko du, eta bien artean harreman estua sortuko da. Baina Christianek ez du bakarrik Elias defendituko, jazarleen kontrako mendeku plan bat ere prestatuko du.

Itxuraz, gazteen arteko kontuak dira horiek guztiak, baina Eliasen erabakiak bete-betean joko du aitaren kontzientzian. Anton ohartuko da oso erraza dela hainbat ideia defenditzea urrunean, eta askoz zailagoa dela horiek egunerokoan praktikatzea.

Suedia eta Danimarkako aktore ezagunek egin dute lan Hævnen-en. Horien artean, Mikael Persbrandt dago, gaur egun Suedian dagoen aktorerik ezagunenetako bat, nahiz eta Europan bere izena nahiko ezezaguna izan. Horrekin atera, Festen (Thomas Vinterberg, 1998) pelikula ezagunean parte hartu zuten bi aktore daude, Trine Dyrholm eta Ulrich Thomsen.

'HæVNEN'

Zuzendaria: Susanne Bier.

Aktoreak: Mikael Persbrandt, Trine Dyrholm, Ulrich Thomsen, William J¿hnk Nielsen, Markus Rygaard.

Herrialdea: Danimarka.

Urtea: 2010.

Iraupena: 110 minutu.

Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian. Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.