Nick Waterhousek 80ko hamarkadako unibertsitarioen filmetan agertu ohi den ikastun memeloaren itxura dauka. Gizontxoak, baina, gaitasun musikal bikaina erakusten du, biniloko single bakarra argitaratu duen arren. Zazpi hazbetekoak Some Place eta That Place (Pres Records) rhythm and blues harribitxiak biltzen ditu.
San Frantzisko hiriko musikaria iraganean ainguratua dago. 12 urte zituela, gitarra elektrikoa jotzen zuen, eta aitak punk heroi kaliforniarren kaseteak ematen zizkion; amak, berriz, soula entzuten zuen. Bi musika tradizio horien ezohiko uztartzetik abiatu du estatubatuarrak bere kontzeptua: musikaria eta ekoizlea bat egiten dituen irudia (biziki maite dituen Steve Crooper eta Ike Turner musikarien erara).
Hala, do it yourself punk filosofiari jarraituz, estudioan sartu eta single honetan bilduriko kantuak idatzi, grabatu eta ekoitzi ditu —The Turn Keys izan du aldamenean, jotzeko orduan propio osaturiko lagun taldea—. Some Place doinua 50eko hamarkadako Modern edo Fortune zigiluek grabaturik dagoela ematen du, orduko kutsua zehatz-mehatz harrapatu eta zabaltzen baitu. Orratzak biniloa ukitu bezain laster entzuten den oihuak,well! oihuak, lurrikara aurreratzen du. Mambo usaineko R&B kantu bizia eta dantzagarria da. Haize instrumentuek bultzatua, piano moldaketekin jantzia eta gitarra solo gozoarekin hornitua. B aldean, berriz, kantu beraren bertsio instrumentala dago. Lasaiagoa. Saxofoiak gidatua, txaloek eragiten diote erritmoa. Bermuta gozo-gozo hartzeko egokia.
Norbaitek Sharon Jonesek, Eli Reed Paperboy-k edo Amy Winehousek piztu duten soul tsunamian koka dezake, baina erratuta egongo da. Nick Waterhousek, aipatu hirurek ez bezala, soinu zaharrekiko grina gordintasun koipetsu bezain dastagarriaren zerbitzura jartzen baitu.
Laster hedabide andana haren oinetara belaunikatuko da.
Musika. NICK WATERHOUSE & THE TURN KEYS.Diskoa:'Some Place / That Place'.Diskoetxea:Pres Records.
Koipetsua bezain dastagarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu