Kondaira orrigabetzen

Gartxot koblariaren inguruko lana osatu dute Edorta Barrutabeñak eta Asisko Urmenetak

Maite Alustiza.
2011ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Gartxot Itzaltzuko koblakariaren kondaira oinarri hartuta, «deskonkistarako gidaliburua» osatu dute Edorta Barrutabeñak eta Asisko Urmenetak. Sormen lana egin dute; ondorioz, zuhaitz itxura hartu du istorioak Gartxot, konkista aitzineko konkista liburuan: kondaira enbor batean kokatu dute, erdian; erroak, lehen orrietan; abarrak, berriz, liburuaren azkenetan. Erroak atalarekin irakurlea kokatu nahi izan dute; horretarako, Gartxoten garaia biltzen duen testuinguru politiko, historiko, sozial eta ekonomikoa jaso dute. Abarrak atalean, berriz, Gartxoten inguruan egin diren hainbat sormen lan aurki daitezke: idatziak, antzerki lanak, irrati saioak, komikiak, abestiak eta film labur baten eta azken filmaren inguruko argibideak. Atal guztiak ilustrazioz lagundurik osatu dituzte: «Helduen liburuek ez dituzte halakorik izaten, eta zergatik ez?», dio Urmenetak. Sustraietatik nahiz adar puntetatik, «edozein tokitatik» hartuta has daiteke liburua irakurtzen.

Arturo Campionek idatzitako kondaira gorde dute liburuaren barrunbeetan. XII. mendean kokatzen da istorioa, Orreaga inguruan. Begon abadea Concastik helduko da herriko abadiara ordena jartzera. Han topatuko ditu Gartxot eta haren seme Mikelot bardoak, Karlomagnoren aurkako Orreagako gudua kantua abesten. Traba izango direlakoan, Gartxot deserriratu egingo du abadeak; Mikelot, aldiz, bahitu, ahots polita duela eta. Baina Mikelotek alde egitea lortuko du, eta aita-semeak kantuan jarriko dira berriro ere, herriz herri. Elizak iraintzat hartuko du, eta haien aurka egingo du gogor.

«Kondaira laburra da, eta badirudi bakarrik gauza bat kontatzen duela, euskararen aldeko aldarrikapen bat dela. Baina arakatuz gero, gauza asko agertzen dira: trobadoreak, Iruñeko erregeak zuen egitekoa, Donejakue bidea zergatik sortu zen eta zertarako, zergatik Concasetik datozen abadeei toki hori uzten dieten...», dio Barrutabeñak. Istorioaren inguruan ikertzen eta dokumentatzen jardun dute bi egileek. Eta badira orain arte beste liburuetan jaso ez diren datuak ere. Horiek guztiak aztertu ondoren, «interpretazio pertsonala» eman diote kondairari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.