Konfiantza kontua
Zifratan neurtzen dugu arrakasta. Urrutira iristearekin neurtzen dugu arrakasta. Eta ezin zalantzan jarri: zifratan urrutira iritsi da Ken Zazpi. Atzo da bihar (2001) estreinako lanaren 20.000 aletik gora saldu zituen Gernikan sorburu duen taldeak. Ondorengo diskoekin ere antzeko kopuruetan ibili da. Bartzelonako Nou Camp zelaian aritu ziren 2006an, Katalunia-Euskadi futbol partidako atsedenaldian, 70.000 pertsonaren aurrean. 2008ko urtarrilaren hasieran Bilboko Arriaga antzokian aurkeztu zuten Argiak diskoa. Kontzertu bakarrak ez zuen asetu zaleen grina, eta bi egunez jarraian aritu ziren. Euskal Herrian gaur egun inor gutxik lor ditzakeen datuak dira horiek, are gutxiago euskara darabilen talde batek. Baina Ken Zazpiren arrakastaren gakoa bestelako aldagaietan topatu behar da. Urrutira bezainbat (metaforak balio baleza, Los Angelesen nahastu dituzte disko berriko kantuak), gertura iristen ere jakin duelako. Dela melodien itsaskortasunagatik, dela letren poetikotasun hurbilarengatik, dela atmosfera hunkigarriarengatik, jende askoren arimara heltzen jakin duelako. Ez dira alferrik asko eta askoren oroimenean iltzaturik geratu diren kantuak Zenbat min, Ilargia edo Noizbait... Hel nazazu eskutik edo Hemen gaude izan litezke hurrengoak hainbaten burmuinean itsasten. Eta urrun nahiz gertura iristeko, ezinbesteko norberarengan konfiantza izatea. Musikaren merkatuak garai gatazkatsuan dagoen honetan norberarengan konfiantza eta, are, ausardia ere behar da musikatik bizitzeko deliberamendua hartzeko. Konfiantza behar da, ia bi urtez kontzerturik ez eman eta indar guztiak disko berriaren sorkuntzan jartzeko, konfiantza behar da ekoizle sonako batengana jo aurretik (Rafa Sardina), kantuak ondo pentsatu eta landuak eramateko... Egiten duen horretan sinesten duen taldea da Ken Zazpi, eta hori transmititzen du. Taldeak azaldu nahi duena iritsi egiten da publikoarengana, eta edozein artistak nahi lukeen feedback-a sortzen da. Ken Zazpiren musikak gozotasun larregizko bat ematen dit niri zenbaitetan, baina norbere aho sabaiaren araberakoa da hori. Zaporeak gorabehera, beharrezkoa den taldea begitantzen zait, bere abarora bada ere, edo imitazioz bada ere, bere buruan konfiantza duten talde gehiago atera daitezen, eta bestelako proposamenak dakartzatenak ere Ken Zazpirekiko kontrastean nabarmen daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu