Gauza jakina da historia beti irabazleek idatzi izan dutela. Horrexegatik, maiz entzun izan da Nafarroako Erresuma bere borondatez batu zitzaiola Gaztelakoari. 1512koa, ordea, bortxaz burututako konkista izan zela ez dute zalantzarik Nabarralde elkarteko kideek, ezta dozenaka historialarik ere. Konkistaren alderdi ezkutuak sakon aztertzeko, hogei bat aditu elkartuko dira Oñatiko Unibertsitatean (Gipuzkoa) etzi eta asteburuan, Euskal Herriko historialarien II. biltzarrean. Euskal lurraldeak eta nafar estatua izenburupean, konkistan mendebaldeko euskal lurraldeetako indar armatuek izaniko parte hartzeaz ez ezik, lurraldeen artean mendetan izaniko harremanak hartuko dituzte hizpide, auziari lotutako beste hainbat gairekin batera.
Nafarroako estatuak burujabetza galdu zuenetik 500 urte beteko dira heldu den urtean. Aspaldiko auzia izanagatik, herritarren memoria historikoari eta beren burua sentitzeko moduari eragiten diola uste du Anjel Rekalde Nabarraldeko zuzendariak, baita «gure artean mendeak daramatzan eztabaida bati» ere. Hasieran lurralde guztiek batasun bat osatzen zutela azalduko dute, baina baita alde «mingarriago» bat ere: nola erabili zituzten beste lurraldeetako herritarrak konkistan.
Nafarroak eta Vatikanoak izan zuten «harreman zaila» eta Erromak Frantzia nahiz Espainiako erregeen alde nola egin zuen izango du hizpide Jose Luis Orella Unzue katedradunak, biltzarra aurkezteko agerraldian azaldu duenez. Konkistan Arabako, Bizkaiko zein Gipuzkoako hiribilduek izaniko parte hartzea, Espainiako Errege-Erregina Katolikoen politika, eskubide historikoak eta gisako gaiei buruz mintzatuko dira beste zenbait aditu, baina baita alardeen, emakumeen zapalkuntzaren eta hezkuntzaren inguruan ere, besteak beste. Etzi hasiko dira hitzaldiak, 16:30ean, eta Victor Herrero, Mikel Sorauren, Estibaliz Gonzalez Dios, Jose Antonio Rekondo eta Xose Estevez ariko dira hizlari.
Larunbatean, Orella Unzuerekin batera, Amaia Basterretxea, Xabier Orue-Etxebarria, Idoia Arrieta, Juan Antonio Urbeltz, Floren Aoiz, Amaia Nausia, Victor Herrero, Montserrat Fernandez eta Lourdes Soria ariko dira. Eta, igandean, Fernando Sanchez Aranaz, Bixente Serrano Izko, Xabier Ezeizabarrena, Luis Mari Martinez Garate, Patxi Abasolo, Mirari Bereziartua eta Joseba Asironen txanda izango da. Garaian garaiko txanponen bidez historia azaltzeko posterra prestatu du Mikel Legorburuk.
Jende ugarik eman du izena dagoeneko, eta parte hartzeko leku guztiak beteta daude —180 lagun inguru bilduko dira—. Hala ere, Nabarralderen webgunean streaming bidez mintzaldi guztiak zuzenean entzun ahalko dira. Hitzaldiak liburu batean jaso eta argitaratzeko asmoa ere badute.
2012a, «polemikaren urtea»
Konkistaren urteurrenarena «polemikaren urtea» izango dela uste du Rekaldek. «Instantzia ofizialetatik proposatzen zen ordukoa Espainiara batzea izan zela eta ospatu beharra zegoela, eta hori, gerra eta sufrimendua ospatu nahi izatea, astakeria hutsa da. Herriek beren independentziaren eguna ospatzen dute, ez independentzia galdu zutenekoa». Historiaren «manipulazio nabarmena» egin izan denez herritarrek ez dutela beren iragana ongi ezagutzen uste du. «Honen atzean bortxazko egoera bat dago, eta, halakoetan, beti izaten da indarkeria ezkutatzeko saio bat». Heldu den urtean biltzarra Iruñean antolatzea da Nabarralderen erronka, jakitun diren arren Oñatin eskaini dizkieten erraztasunak ez dituztela izango.
Iaz Bianan (Nafarroa) egin zuten lehen biltzarra, eta Oñatikoa antolatzeko hainbat elkarte eta erakunderen laguntza izan dute, Mondragon Unibertsitatearena, Nafarroako Ikastolen Elkartearena eta Sabino Arana Fundazioarena kasu —Gipuzkoako Foru Aldundiak ordezkaritza bat bidaliko du—, baita Oñatiko Udalarena ere. «Euskal Herriaren benetako historia plazaratzea beharrezkoa da, aldatu eta ezabatu egin delako askotan, bai Frantziako eta Espainiako estatuen aldetik, bai orain gure artean bizi diren hainbatek hala nahi izan dutelako», adierazi du Lourdes Idoiaga Oñatiko alkate ohiak. «Historiaren zuzenketan laguntzeko ilusioz eta emozioetan oinarritutako konpromisoz» heldu zion aurreko udal taldeak egitasmoari.
Ildo beretik jarraitu du egungo udal taldeak, baita herriko hainbat eragilek, ikastetxek, gurasok eta ikaslek ere, Mikel Biain alkateak azaldu duenez. Hala, guztien artean hainbat ekitaldi antolatu dituzte biltzarraren harira. Hilaren 23ra bitarte konkistari buruzko erakusketa bat ikusi ahalko da kultur etxean; egunotan artisau azoka nahiz ikasleentzako saio didaktikoak egingo dituzte, eta afari solasaldi bat egingo dute gaur bertan. Joseba Tapiak kontzertua emango du larunbatean.
@Informazio gehiago bildu edo hitzaldiak zuzenean entzuteko, bisitatu webgune hau: www.nabarralde.com
Konkistaren kronika isilduak, argitara
Nafarroako konkista aztertzeko, historialarien II. biltzarra egingo du Nabarraldek Oñatin, hilaren 16, 17 eta 18an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu