Zinema
'The Way Back'
Zuzendaria: Peter Weir.
Aktoreak: Colin Farrell, Ed Harris, Saoirse Ronan, Mark Strong, Jim Sturgess.
Herrialdea: AEB.
Iraupena: 133 minutu.
Peter Weir beteranoari izugarri kostatu zaio bere azken pelikularako finantzaketa lortzea. Zinemagintzaren negozioa ez dago bere momenturik onenean; patxadaz digeritzeko istorioen aurrean, kontsumo azkarreko produktuek dute lehentasuna. Filosofia horren erruz, eskarmentu handiko zuzendari trebeek ez dute tokirik Hollywoodeko egungo errealitate triste eta uniformean.
Han eta hemen ibili omen da Weir, atez ate diru puska baten eske. Asko borrokatuta lortu du bere aspaldiko ametsa errealitate bihurtzea, Slavomir Rawiczen eleberria pantaila handira eramatea. Baina nonbait bide neketsu horretan indar gehiegi xahutu ditu australiarrak, eta azkenean egin duen pelikula bere maila onenetik urrun gelditu da.
The Way Back-en ikusten da zuzendariaren ofizioa, artez egindako zerbait dela antzematen da berehala, eta gaur egun hori asko da. Asko, baina ez da nahikoa. Filmaren hasiera-hasieran etorriko da abisua, National Geographic-en ikurra agertuko denean. Diru bilatze ia desesperatuan, frankizia horretan bilatu du aterpe zinemagileak, eta azkenean kolore horiaren pisua gehiegi nabarmendu da.
Dokumental luze baten traza du filmak, fikzioari eskatu behar zaion gutxieneko tentsio dramatiko ia guztia ezabatu baitu zuzendariak. Ez da honakoa ederki aski izaten ahal zen abenturazko film epikoa. Ihesaldi luze eta amaaaaaigabe baten kronika filmatua da, txukun filmatua, baina indarrik gabe emana.
Ingurune zoragarriekin liluratuta, munduaren paisaia aniztasunaren katalogoa da The Way Back. Siberian hasi, Baikal lakutik pasatu, Mongolia zeharkatu, Gobiko basamortuaren amaiera bilatu eta Himalayako mendi ederrak atzean utzi. SESBetik Indiaraino. Oiartzabal eta Kortaren programa ergel hori balitz bezala, abentura behar zuenak topiko aspergarri bihurtuta.
Horrez gain, beste garai bateko mezu politiko atzerakoia dario The Way Back-i. Askatasunaren lurraldearen bila abiatuko den taldeak piztia komunista du atzetik, eta soilik bestaldeko eremura ailegatuta hartzen ahalko dute arnasa apur bat. Betiko mamuak, betiko moldean.
Eta azken ohartxo bat: filma benetako ihesaldi batean oinarritu dela ohartaraziko digu hasierak, baina hori ere ezbaian dago. Azken urteotan egin diren ikerketek auzian jarri dute horrelakorik inoiz gertatu izana, eta pelikula ikusi ondoren guztiz ulergarriak dira zalantza horiek.
Konkistatzailerako 'casting'-a
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu