Buruz buru (eta VI). Daniel Innerarity

Konplexutasuna gobernatzea

XVIII. mendeko ideia eta tresna politikoekin aurre egiten die gaur egungo gizarteak XXI. mendeko arazoei, eta horregatik mintzo da egokitu beharraz Daniel Innerarity filosofoa.

Inigo Astiz
Zarikiegi
2012ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Pintura potoarenak balio dezake azalpen gisa. Errepideko marrak margotzeko kontratatu dute gizon bat. Beharrezko tresnak eta pintura potoa hartu, eta hasi da lanean. Nagusia pozik dago hasieran, baina ez luzez. Astelehenean kilometro bete egin du langileak. Asteartean, kilometro laurdena. Asteazkenean, ehun metro. Ostegunean, hamar; eta bakarra ostiralean. «Baina nola liteke?», galdetzen dio nagusiak, langilea alfertu zaiolakoan. Langileak, erantzuna: «Marra margotuz joan ahala, gero eta urrunago gelditzen zitzaidan pintura potoa». Izan ere, behin eta berriz mintzo da Daniel Innerarity pentsalaria (Bilbo, 1959) abiapuntua egoerara egokitu beharraz. Haren liburu guztietan ageri da ideia hori. Espainiako Literatur saria irabazi zuen 2003an saiakeren alorrean, eta Ikerbasque taldeko kide eta Gobernantza Demokratikoa izeneko institutuko zuzendaria da orain. Urteak daramatza egungo demokrazia egungo errealitate sozioekonomikoetara moldatzeko beharrari buruz gogoetan. Dioenez, XVIII. mendeko ideiak ditugu XXI. mendeko errealitateak gobernatzeko. Nolabait ere Interneteko arazoak mailuekin konpondu nahian gabiltzala, hori da Innerarityk bere lanetan azaleratzen duen egia.

Filosofoa da, «baina filosofo zikina», zehaztu du. «Unibertsitate garaian filosofia purua deitzen zena ikasi nuen, baina filosofia zikina gustatu zait beti. Beti aritu naiz filosofia bere inguruan dauden beste alorrekin igurzten; politikarekin, soziologiarekin, zuzenbidearekin. Muga horretan trafikatzea gustatzen zait. Hor bilakatzen da filosofia interesgarri, propio dituen logikei beste alorretakoak ere gehitzen dizkionean. Nomadismo intelektuala oso aberasgarria da. Niretzat gaur egun interesgarrien diren gaiak ekonomiaren, gizarte zientzien eta filosofiaren bidegurutzean daudenak dira». Dioenez, konplexutasuna gobernatzeko bideak bilatzea da bere egungo obsesioa. «Hori da gaur egungo gizarteak duen erronkarik handiena: nola gobernatu kapitalismo globala».

Bi muturren artean kulunka dabil gakoa Innerarityren hitzetan: eraginkortasunaren eta zilegitasun demokratikoaren artean. Eta ez da oreka errazeko binomioa. «Bateraezintasun bat dagoela dirudi», dio. «Gobernu teknokratek eraginkortasuna saltzen dute, baina ez dute gizartearen babesik. Gizartearen babesa duten gobernuek badute zilegitasuna, baina ez dute eraginkortasun nahikorik». Elitismoa eta populismoa, horiek dira arazoaren bi muturrak, eta biak daude zuloz beteta. Dilema ez da txikia, eta paradoxa moduko bat proposatzen du pentsalariak problema planteatzeko: «Nor da demokratagoa: Evangelos Venizelos Greziako ekonomia ministro ohia ala Mario Monti Italiako lehen ministroa?». Labainkorra da galdera. «Zilegitasun demokratiko osoa zuen greziarrak, baina arduragabeki jokatu zuen Europar Batasunaren erreskateari buruzko erreferenduma egiteko deiarekin. Monti, aldiz, inolako zilegitasun demokratikorik gabe heldu da boterera, baina badirudi eragin positiboa izan duten erabaki zuzen batzuk hartu dituela. Zein da demokratagoa?».

Galderak ez du erantzun errazik, Innerarityren hitzetan, baina tarteko bideak dira lortu beharrekoak. «Ezin da erreferendum bidez gobernatu, eta ezin da herriaren iritziari bizkar emanda aritu ere. Ez bata, ez bestea ez dira aski egungo errealitate konplexuari erantzun egoki bat emateko. Ni errealitate politikoa gizartearentzat irakurgarri egitearen aldekoa naiz. Jendeak ulertu behar du zein den erabakien zailtasuna. Delegazio elementu bat beharrezkoa da. Baina delegazioak ez du esan nahi desertzioa. Ez du esan nahi erantzukizunak eskatu ezin direnik, kontrola egin ezin denik eta kritiko izan ezin denik. Baina oraingoz ez dugu aurkitu oreka egokirik».

Txernobylgo ikasgaia

Purua ala zikina. Gutxienez bi bide horiek existitzen dira, eta bat hautatu behar. Une jakin bat du gogoan Innerarityk. Txernobylen kontura izan zen, Alemanian. Bi filosofo eredu zituen aurrean garai hartan. Bi izen handi: Dieter Heinrich Hegeli buruzko aditua, eta Ulrich Beck soziologoa, Arriskuaren Gizartea izeneko liburu esanguratsua prestatzen zebilena. «Orduan ez zen oso ezaguna, baina Beck ezagutu nuenean erabat txundituta gelditu nintzen. Txernobylgoaz aritu zen eskoletariko batean; istripu nuklear hark ekarriko zituen eraldaketa politikoez eta arriskuei aurre egiteko zegoen elkarlanerako beharraz. Ikusgarria izan zen. Garai hartan Hegeli buruzko lan bat egiten ari nintzen, eta izan nuen aukera gai horretan espezializatzeko, baina ez, Txernobyli buruzko ikuspegi horrek erakarri ninduen». Filosofia zikinak, alegia.

Haren ibilbide guztia markatu du horrek. Demokraziaren egungo egoerari buruzko liburu bat darabil esku artean orain, eta urtebeteko egonaldia egingo du Italian, gaia sakontzen. Egungo idealak egungo errealitateak baino lehenagokoak direla azaltzen du. Eta berriz mintzo da egokitu beharraz. Hiru faktore aipatzen ditu horretarako: «Batetik, demokraziaren teoria modernoak (Toqueville, Rousseau, Hume) XIX. mendeko gizarte gatazka handiak baino lehen sortu ziren, baita gaur egungo pluralismoaren aurretik ere. Bestetik, nazio-estatuak sortu ziren garaian sortu ziren demokraziari buruzko teoriak ere. Eta hona zer diren nazio-estatuak: gobernu subiranoak espazio mugatuetan. Gaur egun, ez dugu gobernu subiranorik, eta ez dugu espazio mugaturik; elkarrekin etengabe gurutzatzen diren espazioak dira gureak, etengabe elkar kutsatzen dabiltzanak. Azkenik, egungo errealitatea garai hartakoa baino askoz ere konplexuagoa da. Teknikoki oso zailak dira gaur egun hartu beharreko erabaki asko; oso interes ezberdinak dituzten aktore asko hartu behar dira kontuan». Galdera jakin bakar batek har ditzake hiru ertzak bere barruan: nola aurre egin klima aldaketaren arazoari? Eta, noski, ez da galdera bakarra.

Nostalgiaren aurka

Demokrazia eguneratu beharra, ezker eta eskuin kontzeptuak gaurkotzeko premia, subiranotasunari buruzko ideiak berritu beharra... Nostalgiaren aurkako aldarrikapen bat da zure lan guztia.

Baliteke. Garai batean izan zirena izateari utzi dioten gauzek lilura pizten didate. Beti bezalakoak izaten jarraitzen duten gauzek ez naute askorik erakartzen. Transformazio garai ikaragarri batean bizi gara. Gauza asko ari dira iraungitzen. Orain dela gutxira arte oso eraginkorrak ziren ekintzak jadanik ez dira batere eraginkorrak. Liluragarria da.

Adibide jakinik?

Murruei buruzko lan bat idazten ari naiz oraintxe, esaterako. Gizateriaren historian ez da sekula egun bezainbeste murru eraiki. Ez dute eraginkortasunik, baina lasaitasun emozionala eragiten dute herritarrengan. Hor dago AEBen eta Mexikoren arteko mugan eraikitako horma, adibidez. Plazebo efektua sortzen du. Liluragarria egiten zait hori. Baina horixe gertatzen da merkatuen kontrolerako tresnekin ere. Estatuek sortutako erremintak ez dira nahikoak kapitalismo globalean eragiteko. Absurdo bat da tematzea tresna jakin batzuk erabiltzen zenbait arazo konpontzeko, arazoak aldatu egin baitira. Desberdintasun sozialak, gaur egun, ez dira nazio mailako arazo bat. XX. mendeko justizia ideal handiak nazio-estatuaren esparruan oinarritzen dira, eta oso modelo sofistikatuak sortu dituzte horretarako. Baina eredu hori lehertu egiten da ekonomia global bilakatzen denean. Horregatik, gaur egun, justiziaren ideia maila globalera hedatu behar da. Kutsadura eta elkarrekikotasun handiko mundu batean bizi gara, baina ditugun tresnak oso lokalak dira.

Zaildu egin da arduradunak eta erantzuleak bilatzea ere. Erdi Aroko modura planteatuta, egun ia ezinezkoa da erabakitzea eskua nori moztu behar zaion.

Oso sinpleak dira erantzukizuna eskatzeko ditugun ohiturak. Sorgin ehiza bat hasi da orain. Krisi ekonomikoaren errudunaren bila gabiltza, eta herriko plazan erre nahi dugu. Baina jada ez dago herriko plazarik! Eta egotekotan ere, ez litzateke lekurik izango erre behar gintuzketen guztiontzat. Kontsumitzaileok ere egin ditugu okerrak, eta konplexua da erantzukizunen banaketa. Izan ere, arduragabetze sistema bat dago indarrean egun. Ardurak egon, badaude, noski, baina eskutan darabiltzagun gaiak konplexuak dira, eta konplexutasun horren araberako ardurak topatuko ditugu. Egungo errealitate konplexuaren araberako ardurak eskatzeko sistema bat asmatu beharrean gaude. Hori lortu ezean, erantzukizunik handiena dutenek lasai jarraituko dute, orain arte bezala. Premiazkoa da egungo egoerara egokitutako erantzukizun sistema bat bilatzea.

Irtenbidea, Europan

Europan ikusten du egungo arazo askorentzako irtenbidea Innerarityk. Hor dago interdependentziarako eta subiranotasun partekaturako aukera, dioenez. Han ikusten du Euskal Herriarentzako etorkizun bidea ere. Iritzi hori zuen krisiaren aurretik, eta iritzi hori du krisiaren ondoren ere. «Frankismopean ginenean, Europatik heltzen zen guztia oso ontzat hartzen genuen. Modu inozo samarrean, baina Europa askatasuna zen guretzat. Gure belaunaldikook oso barneratua dugu hori. Abertzale garenok ere beti izan dugu Europan nazio-estatuen esparru itogarritik kanpoko elkarrizketarako kide bat».

Krisiaren ondorioz estatuek protagonismo handia hartu dutenik ez du ukatzen, baina ez du iritzirik aldatu. «Oraindik pentsatzen dut Europa dela aterabidea, baina bestela formulatuko dut ideia hori: pentsa zeinen gaizki dagoen kontua, Europa baita irtenbidea. Historikoki oso garrantzitsua da Europako kasua. Esperimentu interesgarria da; 27 estatu subiranok subiranotasunaren zati bati uko egin diote integrazio prozesu batean parte hartzeko. Sekula ez zen halakorik gertatu. Baina bistan da, oraingoz, hori ez dela nahikoa egun ditugun arazoei aurre egiteko».

Eszeptizismo optimista proposatzen du jarreratzat El futuro y sus enemigos liburuan (Etorkizuna eta bere etsaiak). «Gauza gutxi jotzen ditut ziurtzat, baina asko posibletzat». Zehatzago azaldu du elkarrizketan bere jarrera. «Kontua ez da idealak abandonatzea, baizik eta pentsatzea ideal horiek nola gauza daitezkeen egungo egoeran. Sozialdemokrata batek —eta ni sozialdemokrata naiz— ez du bere justizia idealari uko egin beharrik, baina ezin du sinetsi justizia ideal hori gaur egun praktikara eraman dezakeenik XIX. mendeko sindikalismoaren tresna, kontzeptu eta estrategia berekin. Eta beste hainbeste gertatzen da Euskal Herriaren askapenaren alde arituz gero ere. Moldatu behar horri esker egin dakioke ihes idealei uko egin beharraren zinismoari eta idealak bere horretan lortu beharraren fundamentalismoari».

Porroterako bokazioa

Errealista da, halere. Dioenez, porroterako prest behar du filosofoak. «Ohituta gaude horretara», dio, umoretsu. «Planteatzen ditugun galderek beti garamatzate porrotera. Balio demokratikoez, bizitzaren zentzuaz eta heriotzaren esanahiaz galderak eginez gero, arazoari bueltaka arituko gara etengabe, baina bi mila urte dira filosofia sortu zenetik, eta ez dugu lortu erantzun argirik; eta ez dut uste luze gabe lortuko ditugunik ere. Gauzak egin behar diren bezala egiten dituen jendez beteta dago mundua, baina filosofoa oso espezie arraroa da. Mekanikoak autoa konpontzen dizu, bankuko langileak Ogasuneko kontuak egiten dizkizu, zabor biltzaileek zaborra biltzen dute... Filosofoa etengabe ari da besteei beren ezgaitasuna agerrarazten. Bokazioa behar da gero horretarako!».

Beharrezkoa da, ordea, jarrera deseroso hori harentzat. «Gizarteak bazterrean uzten ditu arazo konplexuak; gainditutzat ematen ditu, edo ukatu egiten ditu. Eta, hain zuzen, hori da filosofoaren zeregina: sekula gaindituko ez diren galderei irekita eustea; irekita, beren konplexutasun osoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.