Konpromisoa nagusi Artiumen

Jaime Davidovich eta Aitor Lajarinekin eta bildumaren erakusketa berriarekin hasi du museoak denboraldia

Jon Rejado.
Gasteiz
2010eko urriaren 2a
00:00
Entzun
«Fribolitaterik gabeko erakusketak dira, ez dira oharkabean pasatzen». Hitz horiekin laburbildu ditu Gasteizko Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro museoko zuzendari Daniel Castillejok denboraldi berriarekin batera inauguratu dituzten erakusketak. Guztiek «solas konprometitua» eskaintzen dutela nabarmendu du, bai hiru erakusketa nagusiek baita txikienek ere.

Telebista bera arte gisa erabiltzea, errealitatea artearen bidez beste modu batean kontatzeko beharra, gure gizarte ereduaren isla diren hirien inguruko hausnarketa... Gogoeta asko plazaratu dizkio Artiumek ikusleari denboraldi hasieran, betiere erronkatzat hartu duen aniztasuna errespetatuz. Hala, gertuko zein nazioarteko artisten presentzia zaindu dute.

Margotik telebistara

«Hogei urte barru mila telebista kate izango ditugu, eta ikusteko, ezer ez». Jaime Davidovichen (Buenos Aires, 1936) erakusketaren bukaeran irakur daitekeen esaldi horrek agerian uzten du erakusketen konpromiso hori. Davidovichen lanak 1968tik 1984ra arte izandako bilakaera biltzen du Jaten ematen dizun eskuari hozka erakusketak, margolanean hasi eta telebista sortzeko ahalmena aurkitu arte.

Soho New Yorkekoauzo ezagunaren aurkezpenarekin hasten da erakusketa, auzo horrek 60ko hamarkadan hasi zuen aldaketa ulertzea ezinbestekotzat jo dutelako Davidovichen bilakaera ulertzeko. Margolaritza utzi eta zinta itsasgarriarekin lan egiten hasi zen, euskarri horrek erakusketa aretoetan zein beste toki batzuetan zuen erabilera ikertuz. Horren ostean, bideoarekin lehen saioak egin zituen. Bilakaera horretan, telebistaren erabilera egitetik telebista bera erabiltzera igaro zen Davidovich.

SoHo Television kable bidezko telebista irekia eta erabilera publikokoan The Live! Show programa egin zuen 1979tik 1984ra arte. Astean behin ematen zuten programa horrek erakusketaren zati handi bat hartzen du, magazine horrek zituen atalak erakutsiz. Orduko telebista ereduari egindako kritika edota artearen munduari buruz hitz egiteko ironia etengabekoa zen. Azken batean, telebista eta abangoardiako kultura uztartzeko gaitasuna izan baitzuen saioak.

Jaten ematen dizun eskuari hozka urtarrilaren 9a arte izango da zabalik Iparra aretoan.

Gizartearen hirigintza

«Munduko biztanleen %80 hirietan edo inguruetan bizi dira». Baieztapen horrekin From Here to Everywhere. Profiling Postcity erakusketaren oinarria azaltzen du Aitor Lajarin artista arabarrak. Artiumen beka batekin Los Angelesera (AEB) joan zen duela bi urte, eta hiri hori oinarritzat hartu du Postcity izeneko alegiazko hiria irudikatzeko.

Erakusketan hiri horri buruzko ikus-entzunezko bat dago, bizatitan banatuta. Alde batetik hiriaren alde on guztien berri ematen duen publizitate moduko ikus-entzunezkoa dago; alde on guztiak modu komikoan handizkatzen dituen iragarki bat, alegia. Ordea, horren barruan hiriaren alde ilunago baten berri ematen duen dokumental bat txertatu du Lajarinek, eta hor alegiazko hiriaren konplexutasuna azaltzen da.

Ikus-entzunezkoa beste euskarri batzuekin osatu du Lajarinek, eta iragarkian zein dokumentalean ateratzen diren elementuekin hiri moduko bat irudikatu du. Egitura horren argiztapenak jolas bat eskaintzen du, artistak azaldu bezala. Paretako itzalak irudikatzen duen skyline-a, silueta, erakargarria den arren, itzala sortzen duten elementuak ez dira horren erakargarriak. «Ezberdindu behar da hiriak ematen duen irudia eta benetan dena».

2011ko urtarrilaren 30era arteegongo da Lajarinen erakusketa Ekialde Beheko aretoan.

Kontatzeko modu bat

Arteak gauzak kontatzeko duen gaitasuna agerian utzi nahi izan du Enrique Martinezek Artiumen bildumaren hamargarren erakusketa egiterakoan. 76 artistaren 88 artelan inguru baliatu ditu Martinezek horretarako, eta artelan horietatik 33 lehenengoz aurkeztuko dituzte.

Artistek egindako kontakizun hori modu askotan islatzen da erakusketan. Batzuetan artistak berak parte hartzen du kontakizunean modu zuzenean. Beste batzuetan gizakiaren irrika sakonenak gelditzen dira agerian: biolentzia, sexualitatea, politika, erlijioa... Baina betiere artea beste zerbait eskaintzeko euskarri modura erabilita.

Mintxo Cemillan Arabako artistaren artista liburu batekin hasten da erakusketa, eta bertatik ikusleak edozein bide har dezake artistek egindako kontakizun horien guztien jarraipena eginez.

Artiumeko bildumaren hamargarren erakusketa 2011ko irailaren 4ra arte egongo da Hegoa aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.