Ipuinak berreskuratzen egin duten lanaz gain, ipuin kontalari garaikideei «jendaurrean kontatzeko praktika» berreskuratu izana aitortu behar zaielakoan dago Leire Diaz de Gereñu. «Kontalarien aurretik, lan handia egin zen ipuinak biltzen, baina oso lan gutxi kontatzeko moduen inguruan. Oso gutxi dakigu antzinako kontaketen egoerei eta antzinako kontalariei buruz, eta kontalari garaikideek lan izugarria egin dute, ipuinak berreskuratzen ez ezik, baita kontalaritza bera berraurkitzen ere. Kontatzeko moduak ere altxorrak dira».
Antzinako ipuin kontaketen irudi mitikoa deseraiki beharra dago, EHUko ikerlariaren ustez. «Garai batean aitona-amona guztiek sutondoan ipuinak kontatzen zituztela zabaldu da. XVII. edo XVIII. mendetik hona garatu den ideia bat da hori. Baina horrek ez dauka zerikusirik benetan gertatu denarekin. Kantatu bezala, kontatu ere edonork egiten du, baina besterik da ondo kantatzea edo ondo kontatzea. Gauza bera gertatzen da bertsoekin ere: bertsotan jende askok egiten du, baina ondo egiten dutenak ez dira hainbeste. Kontalaritza ere antzeko praktika izan da. Kontatu, jende askok kontatu du, leku askotan, baina kontalari trebeak eta onak… Ez dugu ezagutzen gure kontalarien historia».
Ikerlan batzuek erakusten dutenez, aurreko mendeetan ospakizun jakin batzuetara —txerri hilketetara, adibidez— jendaurreko kontalariak eramaten zituzten, eta batzuetan elkarren arteko lehian ere aritzen zirela dirudi. «Kontalaritza lehen zer zen jakiteak lagunduko liguke ulertzen gaur egungo kontalariek egiten dutena ez dela hain berria, tradizio baten jarraipenean kokatzen dela», Diaz de Gereñuren ustez. «Bertsolaritzak bezala, kontalaritzak ere interakzioaren eta erronkaren dimentsioa du orain, eta izan du lehen ere. Zeinek hobeto kontatu, nor liluratu, nola liluratu… Hori da kontalaritzaren motorra, atzo eta gaur».
Kontalaritzaren historia ezagutzeak egun egiten dena ez dela asmakizun bat erakutsiko lukeelakoan dago. «Tradizio bat dauka, eta garaikidea da, berritu egin da, berritu ezean hil egingo litzatekeelako, tradizio guztiak bezala».
Kontalaritzaren historia ezagutzeko premiaz
Antzinako ipuin kontaketen irudi mitikoa deseraiki behar dela uste du Leire Diaz de Gereñu ikerlariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu