Kontu Auzitegiak hainbat irregulartasun antzeman ditu Musikeneren gestioan

Estelles zuzendari artistikoak 56.000 euro jaso zituen, bera administrari zen enpresa baten bidez

Musikeneko ikasleek zuzendaritza berriaren aurkako protestak egin zituzten iaz. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Agentziak
Donostia
2011ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Musikeneko irakasleen zein administrazio eta zerbitzuetako langileen kontratazioan hainbat irregulartasun aurkitu ditu EAEko Kontu Auzitegiak. 2009. urtean Euskal Herriko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan zeuden 211 irakasleetatik 47ren kasuan ez zituzten berdintasun, meritu, gaitasun eta iragarpen printzipioak bete, eta beste horrenbeste gertatu zen administrazio eta zerbitzuetako bost langilerekin, Kontu Auzitegiak atzo kaleratutako txostenak jasotzen duenez.

Idazki horretan, kontratu merkantila gehiegi erabiltzeko joeraz eta hainbat ordainsari jasotzeko zein beste inorentzat lan egiteko konpatibilitateari buruzko baimen ezaz ohartarazi du Kontu Auzitegiak, eta Jose Luis Estelles zuzendari artistiko ohiaren kasuak «aipamen berezia merezi» duela dio. 83.000 euroko soldata gordina jasotzeaz gain, beste 56.000 euro poltsikoratu zituen Estellesek 2009an opera batean parte hartzeagatik, Granadako (Espainia) enpresa batekin zeukan kontratu merkantilaren bidez. Enpresa horretako administraria zen Estelles. Musikeneko Fundazioak ez zuen enpresa horrekin egindako operazioa sartu Gipuzkoako Diputazioan aurkeztutako aitorpenean.

Halaber, Musikeneren egoitza berria eraikitzeko obren lizitazioan izandako aurrekontu aldaketa —18 milioi eurokoa izatetik 42 milioikoa izatera pasa zen— ezein agiritan jaso ez izana leporatu dio Kontu Auzitegiak Fundazioari. Hori dela eta, proiektua idatzi zuten arkitektoei aurreikusitakoa baino 386.000 euro gehiago ordaindu izana justifikatzeko euskarririk ez dagoela dio erakundeak.

Irregulartasun hauek aintzat harturik, fundazio gisa jarraitzea egokia den aztertzeko gomendioa egin du Kontu Auzitegiak.Aukera hori jada aztertu duela erantzun dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak alegazioetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.