Lehen zinema lana, eta zaldi lasterketa bat aukeratu duzu, 1914koa. Zergatik?
Tira, istorioak ezusteko handi bat dauka, eta hori ezin nezake kontatu. Hasieran ematen du dokumental bat izango dela, baina gero ez da...
Baina zergatik testuinguru hori?
Testuinguru hori, lehenik eta behin, teknika kontu bategatik aukeratu dut. Istorioa kontatzeko, collage moduko bat egitea pentsatu nuen, garai hartako irudiak, zenbait filmetatik hartutakoak, kromaren aurrean gaur egun grabatutako aktoreen irudiak eta hiru dimentsiotan filmaturiko animazioa nahastuz.
Zein filmetako irudiak hartu dituzu?
Jeff Bridges eta Chris Cooperren Seabiscuit da bata. 30eko hamarkadan giroturiko film bat da eta ondo txertatzen da istorioan. Eta bestea, Marx anaien A Day at the Races da. Horiek fondo modura erabili ditut askotan. Zuri-beltzean jartzean eta film guztia muntatzean ez da nabaritzen trikimailua, eta ondo geratzen da. Horregatik egin dut 1914an kokaturiko istorio bat, zuri-beltzean egitea askoz ere merkeagoa zelako.
Giro berezia lortu duzu nahasketa horrekin, erreala eta onirikoa nahasten dituena.
Bai, hasiera batean, guztiz erreala ematen du, dokumental bat izan litekeela. Trukatu ezin litekeen gauza bat kontatuko duzula ematen du, baina...
Baina ez da erreala gero kontatzen dena. Bada une berezi-berezi bat, ezusteko handi bat lasterketa horretan, eta irudi asko iradokitzen dituena...
Bai. Hasierako giroa erreala izanda, kolpe horren eragina handiagoa da. Zaldi lasterketan gertatzen den tragedia horrek grazia egin zidan planteatu genuen unetik. Nik umore beltza daukat, eta grazia handia egin zidan hasieratik. Ni bezalako ikusleek umore beltz horrekin barre egingo zutela pentsatu nuen, eta konturatu naiz jende askok ez duela nik dudan umore beltza, eta askoz ere sentiberagoa dela irudi horiekiko. Hori bai, ikusi dut oso sentsibilitate desberdineko jendeari gustatu zaiola edo eragin diola. Eta horrek harritu nau.
Kimuak programa erakusleiho egokia da lana ezagutzera emateko.
Kimuak programan sartzea egon litekeen saririk handiena da. Txintxuak Films etxeak ekoitzi du filma, eta beraiek ere mugituko zuten, baina lan handia izaten da. Kimuak-en hartzen bazaituzte, bi urtean leku pila batera iristen da filma.
Geroz eta jende gazte gehiago dabil zinema egiten Euskal Herrian.Mugimendua nabari da.
Tira, mugimendua beti egon da. Kontua da industriarik ez dela egon. Hala ere, orain filmak merkeago egin daitezke, eta geroz eta gehiago ari dira egiten, baita euskaraz ere,Aupa Etxebeste!-k hamarkada hasieran ireki zuen bideari jarraituz. Behar bat ere sentitu da gauzak euskaraz egiteko. Badago ikuspegi berri bat, euskaraz egin litezkeela lanak eta mundura irekitzea posible dela, azpidatziekin. Azpidatziekin jendeak duen aurreiritziak kalte handia egin du.
Koldo Almandozek aipatua da film laburrak genero propio bat balira bezala hartu behar direla. Beste askok film luze bat egiteko plataforma gisa hartzen ditu. Zer iruditzen zaizu zuri?
Biak dira. Genero bat da, zalantzarik gabe. Ezin da luze bat labur batean sartu, baliabiderik ez dagoelako. Laburrak bere lengoaia propioa dauka. Baina egia da labur bat ondo egiteko gai zarela erakusten baduzu aukerak sortuko zaizkizula luze bat egiteko ere.
Zuk luze baterako urrats gisa erabili nahiko zenuke La gran carrera?
Bai, bai, dudarik gabe. Niri ilusio handia egingo lidake film luze bat egiteak, eta zenbait ideia baditut jada.
'La gran carrera'
Zuzendaritza, gidoia eta muntaketa: Kote Camacho.Jatorrizko ideia: Asier Altuna.
Iraupena: 7 min.
Ekoizpena: Txintxua Films.