Donostiako 73. Musika Hamabostaldia

Kontzertu erromantikoa

Judith Jauregik eta Adolfo Gutierrezek Franck, Debussy eta Usandizagaren obrak joko dituzte Zumaian

Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2012ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Udako sargoritik freskatzeko moduko kontzertu erromantikoa emango dute Judith Jauregi piano jotzaileak eta Adolfo Gutierrez biolontxelo jotzaileak gaur gauean, Zumaian. Aurreko mende hasierako Paris gogora ekarriko dute pianoaren eta biolontxeloaren doinu lirain eta biziek, Claude Debussy, Cesar Franck eta Jose Maria Usandizaga maisuen obrak joko baitituzte. Donostiako Musika Hamabostaldiak antolatutako Musika Aitzaki saileko ekitaldia da Jauregiren eta Gutierrezen kontzertua; jaialdia inguruko herrietara zabaltzeko helburua du sail horrek. Kontzertua 22:00etan izango da, Zumaiako Maria eta Jose ikastetxean.

Jauregi eta Gutierrez lehen aldiz arituko dira elkarrekin Hamabostaldian. Patrick Alfaya jaialdiko zuzendariaren esanetan, Debussyren Paris irudikatuko du kontzertuak: «Debussyren omenezko urtea izanik, Musika Aitzaki zikloan konpositore horren obrak ere jo behar genituen». Horrekin batera, Usandizagaren obra bat berreskuratu dutela adierazi du Alfayak: «Usandizaga gazte hil zen, eta oraindik ia ezezagunak diren zenbait obra ditu. Horietako bat berreskuratu dugu, Euskal Herriko musikagileak omentzeko asmoarekin».

Jauregik ere Usandizagaren obraren garrantzia azpimarratu du: «Usandizagak ere Debussyren eragina izan zuen, eta berreskuratu dugun eskuizkribua benetan ederra da. Gainera, Francken piezak drama eta itxaropena sentiaraziko ditu». Gutierrezekin batera emango duen kontzertuak Erromantizismo kutsua duela adierazi du piano jotzaile donostiarrak: «Emanaldi laburra baina indartsua izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.