Daniel Castillejo. Artiumeko zuzendaria

«Kontzienteki egin genuen izaera 'enblematikoa' ez zuen museoaren alde»

Datozen urteetara begira, museoa gizartearekin nahasteko helburua markatu du Castillejok, hiritarrak erakartzeko.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Lau urte ere ez dira igaro Daniel Castillejok (Burgos, Espainia, 1957) Artium zuzentzen duenetik. Javier Gonzalez de Duranaren lekukoa hartu zuen 2008an, eta Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoaren aurpegia bilakatu zen. Ordea, hasieratik bertatik egon da museoaren barrenetan. Arabako Arte Ederretako museoan lan egin zuen aurretik, eta 2001. urtetik Artiumeko funtsen zaintzaile eta analista izan zen. Museoaren barrenetan zegoela bizi izan zuen inaugurazioa.

Non zeunden duela hamar urte, 2002ko apirilaren 26an?

Hemen nengoen, noski. Uste dut egun horietan ez nintzela hemendik ateratzen, bildumaren azken zertzeladak antolatzen, biltegietan egokitzen... Lanez gainezka nengoen, baina pozik, zentroa inauguratzen ikusteagatik. Betetako amets bat zen. Urteetan borrokatu genuen horregatik. Bilduma baldintza egokietan gordetzeko leku bat nahi genuen. Erakutsi ahal izateko. Handitu ahal izateko. Urte askoren buruan egun hartan ametsa gauzatu zen.

Hortaz, 70ko hamarkadan bilduma egiten hasi ziren, eta ordutik egindako lanaren fruitua izan zen Artium.

Hori da. Ez zen politikari baten apetaz egindako egitasmo bat izan. Lan luzea izan zen. Orduko hemerotekatan ikusten da gizarteak hori nahi zuela. Bestetik, une zehatz batean, Arte Ederretako museoaren biltegiak bete ziren. Jasanezina zen egoera hori.

Jose Luis Catonek, Artium egin zuen Arabako Aldundiko arkitektoak, eraikin enblematiko izaeraren aurka borrokatu behar izan zuen orduan.

Kontzienteki egin genuen izaera enblematikoa ez zuen museoaren alde. Alde batetik, lanak erakusteko baldintza onenak izan nahi genituen; edukia lehenetsi nahi genuen, ez edukiontzia, azken hori ere interesgarria izan arren. Bestetik, presa ere bagenuen. Eztabaida asko zegoen, eta ematen zuen edozein unetan bertan behera gelditzeko arriskua zegoela. Orduan pentsatu genuen: «Bilduma hemengo langileok egin badugu, zergatik ez du hemengo arkitekto batek museoa egingo?»

Catonek herritarrentzako leku moduan planteatu zuen museoa, eta lurpean egin zuen. Lortu al du museoak herritarrentzako leku izatea?

Artiumek bi plaza ditu. Kanpoko plaza hiritarren topalekua bihurtu da, eta lortu du hiritar guztiek jakin dezatela non dagoen Artium. Barruko plazaren egoera ezberdina da; plaza publikoa da, baina ez du erabilera hori. Ez dira garai onenak gune hori biziberritzeko, baina zenbait egitasmo ditugu jada kokapen horretarako.

Duela hamar urte zenituen aurreikuspenak bete al dira?

Gorabeherak egon dira, baina baietz esango nuke. Bisitariei dagokienez bai; bideragarria izateko urtean 80.000 bisitari izan behar zituela ondorioztatu zen, eta kopuru hori urtez urte gainditu dugu. Erakusketen eta ikuskizunen alorrean museoak aukera asko ematen ditu; mota guztietako ekimenak hartu ditugu, oso ezberdinak elkarren artean, muntaketa zaila zutenak... Eremu teorikoan maila egokian kokatu gara, egungo museoekin alderatuta; errespetatzen gaituzte, eta prestigioa badu artearen munduan.

Eta Gasteizko hiritarren artean?

Horiek dira zailenak, baina ildo horretan gabiltza lanean. Artium gizartearekin nahastea nahi dugu. Hiritarrak erakartzeko lan egiten dugu, ekintzak baliatuta.

Gasteiztarrek ulertu al dute dagoeneko zer den zentro-museo bat?

Arabarron ondarea biltzeko eta erakusteko lekua zen Artium, hasiera batean. Ordea, egungo museoak ez dira soilik ondarea erakusteko, eta apur bat harago joan gara. Arte garaikidearen eta gizartearen arteko bitartekariak gara

Leku propioa izatean, zer-nolako bilakaera izan du bildumak?

Bilduma guztiek nortasuna izaten dute, normalean. Gure bildumak duen alde ona da irizpidea mantendu duela, urtez urte. Orain arte jarraitu den bideari heldu diogu. Hori defendatu dugu hasieratik.

Hamar urte hauetan, atzera begiratzean, zerbait egiteko gogoarekin gelditu al zara?

Bide honetan frustrazio asko daude. Damutzeko tartea dago, nahi bezala atera ez diren ekimenak, behar beste xahutu ez direnak... Gizartearekin izan duen harremanean ere une zailak izan ditu; hiri erdian zegoen txaplata ematen zuen, herritarrekiko gertutasunik gabe. Horrez gain, museo guztiok pairatzen dugun itzala dago, Guggenheim efektua delakoa.

Duela lau urte zuzendari izendatu zintuztenean gizarteko eztabaidetan parte hartzeko helburua finkatu zenuen.

Erabaki asko behar dira horretarako. Hiru ardatzetan ari gara lanean gaur egun, gertuko hiriarekin, inguruko kultur komunitatearekin eta erakunde zein enpresekin. Dena den, Artium ontzi erraldoia da, eta urteen inertzia du; zentimetro gutxiko bira baino ezin dugu egin, baina nahikoa izan daiteke etorkizuneko bidea aldatzeko.

Nolakoa izan da Artiumek izan duen harremana inguruko kultur eragileekin?

Museoen arazo nagusia izan ohi da hori; nazioartean eragina izateko helburua bete nahian gertukoez ahazten dira. Guk nazioartean zeresana eman nahi dugu, baina gertukoa ahaztu gabe.

Hamargarren urteurrenean bildumaren nortasun hori azalerazi nahi duzue, ezta?

Haritik tiraka erakusketarekin bukatuko dugu urtea. Museoaren oinarria izan zen bildumari egindako omenaldia izango da. Jorge Oteizaren Homenaje a Velazquez artelanetik hasi, eta lan horretatik, haritik tiraka, hiru erakusketa egingo ditugu. Munduari buruzko gogoeta egingo du batek, introspekzioan zentratuko da bigarrena, eta arteari buruzko gogoeta egingo du hirugarrenak.

10. urteurrena une gazi-gozoan heldu da bildumarentzat.

Aurten ez dugu euro bakar bat ere lanak eskuratzeko. 80ko hamarkadaren hasieran baino ez zen gertatu, eta gerora ordaindu genuen: urte horretan gertatutakoa aztertu, garestiago ordaindu... Ezin dugu bildumaren izaera eta nortasuna ezbaian jarri, eta bermatu didate aurtengo egoera puntuala dela. Ahal denean berreskuratuko dugu lan hori.

Berreskuratzen zaila izango dena Arabako kultura sarea da, ezta? Duela lau urte Krea, Montehermoso eta Amarika egitasmoa zeuden...

Sekulako suntsiketa izan da. Egoerak gogorrak izan dira, baina horrela eta guztiz ere ez zukeen horrelakorik gertatu behar. Arabako kulturaren oinarriak egoera horri eusteko modua izan behar zuen. Sare perfektua zen. Arte garaikidearen piezak ondo elkartzen ari ziren. Hondarrak baino ez dira geratu, baina ez gaude gainontzekoak baino okerrago. Altuagotik erori gara, baina maila berean bukatu dugu.

Eta etorkizunera begira?

Orain arteko ildoari eutsi nahi diogu, bide egokia dela uste dugulako. Helburuak argiagoak izatea lortuko dugu, ordea. Espainiako bigarren museo gardenena izendatu gintuzten, eta horretan aurrera egin nahi dugu. Are gardenagoak izan nahi dugu, eta museoa kudeatzeko eredua aldatu. Zentroak eta museoak opakuak izan ohi dira, eta hori kontraesankorra da. Deigarria da opakua den erakunde bat sormen eta adierazpen askatasuna aldarrikatzen ikustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.