Soziologiako irakaslea Leeds-eko, London School of Economics-eko, Varsoviako eta Tel Aviveko unibertsitateetan. Modernitateari, indibidualismoari eta globalizazioari buruzko bere hausnarketek funtsezko eragina izan dute kulturan eta komunikabideetan. Modernitate likidoa-ren teoria gaur egun gizartean izandako eraldaketak eta eguneroko bizimoduan globalizazioak eragindako ondorioak ulertzeko ezinbestekotzat jotzen dute aditu askok.
Merkatua kritikatzea «oso erraza» izan litekeela esanez hasi zuen hitzaldia aurten Giza Zientzietako Asturiasko Printzea saria irabazi duen pentsalariak-Theodor Adorno saria (1998) eta Gizarte Zientzietako Europako Amalfi saria (1992) ere baditu-, baina kontsumo merkatuak bere funtzioak badituela argudiatu zuen hurrena. Merkatuak gizakiaren inpultso moral bat asetzeko ere balio duela esan zuen. Baumanentzat, gizaki guztiok gara moralak, «horrek ez du esan nahi denok garenik onak, baina badakigu ona eta txarra bereizten».«Guztiok dugu inpultso moral bat, zeinak bultzatzen gaituen mina duenari edota sufritzen ari denari laguntzera. Ardura etiko erabatekoa ezinezkoa da bideratzea, ordea, giza gaitasunaren gainetik dago. Eskari desberdinak dauzkagu. Ezin gara guztiengatik sakrifikatu, ezin ditugu guztiak lagundu».
Ezintasun hori ordezkatzeko ezinbestekoa begitantzen zaio Baumani kontsumo merkatuaren funtzioa: «Jendea ez da joaten dendatara soilik bere desioak asetzera. Beharrizan moral bat betetzera ere bai». Gizakiaren beharrizan morala eta kontsumoaren arteko lotura argitzeko guraso eta seme alaben arteko adibidea jarri zuen. Gaur egun gurasoek seme-alabekin egoteko apenas dutela denbora eta haiekiko ardura morala merkatuak asetzen duela dio pentsalariak. «Gaur egun lan bulegoa poltsikoan daramagu. Lanetik atera eta ez gara libratzen lanetik. Ez dago aitzakiarik lan arduretatik alde egiteko. Sakelakoa da gure kartzela eta poltsikoan eraman ohi dugu. Beraz, gurasoek seme-alabak asko maite dituztenez, merkatuan gauzak erosiz, ahalik eta berri eta erakargarrienak, ordezkatzen dituzte betekizun moralak». Kontsumo merkatuak ardura moralaren ordezkoak eskaintzen dizkio gizarteari Baumanen hitzetan: «Kontzientzia moralarentzat analgesikoak, lasaigarriak eskaintzen ditu merkatu kontsumoak».
Inpultso moralaren auziaz gain, norbanakoaren identitate arazoen auzia bideratzeko edo leuntzeko ere, bederen, balio du kontsumo merkatuak pentsalari poloniarrak azaldu zuenez: «Gizakien arteko harremanak ahultzen ari dira. Dena abiadan aldatzen da, ia deus ez da seguru biharko, eta horrek identitate arazoak sortzen ditu. Arazo horiei aurre egiteko ere gauzak kontsumitzen ditugu. Geroz eta auto hobea izan, orduan eta seguruago egongo gara gure gizarte mailan».
Hitzaldiaren zati handiena igarota, dena merkatu kontsumoaren nolabaiteko justifikazioan geratuko zela zirudien, baina bukaeran buelta eman zion Baumanek. Haren hitzetan, funtzio erabilgarriak dituen merkatu kontsumo horrek ez du mugarik. «Infinitua eskatzen du. Eta horrek gure planetari eragiten dio zuzen-zuzenean. Herrialde aurreratuetan merkatu kontsumoak darabilena mundu guztian aplikatuz gero, beste lau planeta beharko genituzke. Gure planetaren biziraupenaz gogoeta egiteko unea gainean dugu».
«Wikileaksek politika egiteko era aldatuko du»
Boterearen informazio kudeaketaz ere gogoeta egin du Baumanek, Donostiara egindako bisitanG.E. Donostia
Interneteko Wikileaks ataria azkenaldian zabaltzen ari den isilmandatuzko dokumentuen harira ere gogoeta egin zuen Baumanek, atzo goizean, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu nagusia alboan zuela emaniko prentsaurrekoan. Julian Assangeren atariak argitara ateratako informazioek berehalakoan zein ondorio eragingo dituzten ezin duela aurreikusi adierazi zuen: «Baina garbi dago gobernu guztien agendan dagoengaia dela, eta azkar jakingo da zein diren ondorio nagusiak».
Hala ere, epe luzerako ondorioek interes gehiago dute pentsalari poloniarraren ustetan: «Luzera begira oso ondorio interesgarriak izango direla susmatzen dut. Gobernuek politika egiteko beraien manerak aldatu beharko dituzte, baita arlo diplomatikoan ere, ezin baita joan hiritarren desioaren kontra».
Baumanen hitzetan, gobernu batek beti sustatu beharko luke gardentasuna, «sekretuak beti direlako mesfidantzarako osagai bat, botere arma izateaz gain». Nolanahi ere, Wikileaksen jardunak sortzen dituen egoera guztiei erantzun berberak emateak kezka ere sortzen: «Eskubidea dugu guztiok ezagutu beharko genukeenaren eta sekretuan gorde beharko litzatekeenaren arteko desberdintasuna markatzeko. Politikan etengabe dauzkagun arazo horietako bat da informazioaren kudeaketarena, eta horren guztiaren ondorioak aztertu behar ditugu». Gobernu eta herrialdeen arteko harremanetan «modu bereziak» gailendu direla, eta negoziaketa globaletan informazioa sekretuan mantentzea garrantzitsua izan litekeela uste du Baumanek: «Balizko arriskua irabaz litekeena baino handiagoa denean, galdera egin behar da behinik behin, merezi ote duen gordetzea ala ez».