Korrontzik eta Oinkarik zabalduko dute Getxo Folk, Igor Yebrak lagunduta

The Unusual Suspects, Idir eta Dulce Pontesek osatuko dute egitarau nagusia, irailaren 8tik 11ra bitartean

Jon Eskisabel.
2011ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Getxo Folk jaialdiak osatua du hurrengo ekitaldiko egitaraua. Irailaren 8tik 11ra bitartean hamahiru kontzertu eskainiko ditu, eta horien artean estreinaldi bat egongo da. Korrontzi eta Oinkari taldeek Urratsa ikuskizun berria taularatuko dute Areetako Geltokiko plazan, eta Igor Yebra dantzari klasikoa izango dute lagun. «Iragana eta oraina» lotzen ditu Urratsa-k, «euskal dantza herrikoia eta estilo garaikideagoak lotuz, eta trikitilarien tradizioan erroturiko musika erabiliz», antolatzaileek azaldu dutenez.

Korrontzik eta Oinkarik eskainiko dute agertoki nagusian egingo diren lau kontzertuetatik lehenengoa. Hurrengo egunetan, Eskozia, Aljeria eta Portugalera joko du jaialdiak. Irailaren 9an, The Unusual Suspects taldea igoko da agertokira. Eskoziako musikariek osatutako folk orkestra hori —hamazazpi lagunek osatu dute azken emanaldietan— Celtic Connections jaialdiaren harira sortu zuten 2003an, eta oso ezagun egin da bere zuzenekoei esker. Big like this bigarren diskoa aurkeztuko du Getxon.

Irailaren 10ean Idir abeslari aljeriarraren txanda izango da. Ipar Afrikako musika modernoaren aitzindaritzat hartzen dute Idir (Kabilia, 1945), berbere tradizioaren berreskuratze lanagatik nabarmentzeaz gain. Azkenik, Dulce Pontes abeslari portugaldar aski ezagunak itxiko du Areetako Geltokiko plazako egitaraua, fado kontzertu batekin. Emanaldi horietarako sarrerak salgai daude dagoeneko.

Doako emanaldiak

Geltokiko aparkalekuan, doako kontzertuak izango dira arratsaldero eta gauerdiro. Tambor de Saia Brasilgo emakumezko perkusio taldea, Seafoid talde bizkaitarra, Josemi Carmona flamenko gitarrista eta Maria Berasarte fado abeslari donostiarra ariko dira arratsaldeetan.

Gaueko 23:00etatik aurrera, berriz, bi euskal taldek —Audience (Amerikanuak film dokumentaleko soinu banda joko du) eta Ruaille-Buaille— eta Felah Mengus Herrialde Katalanetako taldeak joko dute Getxon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.