Kostunbrismoa, baina umorez eta ironiaz

Felix Artetaren erakusketa antologikoa dago ikusgai Donostiako Kutxa Boulevard aretoan

Felix Artetaren erakusketa antologikoan bildutako lanetako bat. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
2012ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Idealizaziorako dezenteko joera zuten Aurelio Artetaren (Bilbo, 1979-Mexiko, 1940) margolanek eta muralek, eta bere garaiko landa eremuak zein industria iraultzak transformatutako paisaia urbanoak malenkoniaz zipriztintzen zituen. Haren anaia Felixek ere euskal kostunbrismoa landu zuen, baina anaiaren obratik bereiztearren, agian, bestelako ukitua ematen zien koadroei. Tradizioaren eta abangoardiaren arteko mugan kokatu, eta, orain alde batean, gero bestean, anaiarenak baino lan errealistagoak osatzen zituen, horretarako umorea, are ironia eta sarkasmoa, baliatuz. Anaiaren itzalean bizi izan zen, bai, baina hari buruzko erakusketa, Felix Arteta (1890-1986), atondu dute Donostiako Kutxa Boulevard aretoan. Irailaren 9a arte egongo da irekita.

Artetaren 101 lan jarri dituzte aretoak dauzkan hiru solairuetan: 93 akuarela, bi olio eta sei marrazki. Akuarelak dira nagusi, hortaz, erakusketan, baina artistak ez zuen teknika hori «zori hutsez» erabiltzen, Edorta Kortadi erakusketaren komisarioaren ustez; bazituen bere arrazoiak horretarako. «Oso urduria zen, eskua asko mugitzen zuen, eta akuarela hobeto egokitzen da izaera horretara». Gainera, errepertorio ikonografikoa anaiarenaren antzekoa izan arren, akuarelekin bere anaiarengandik bereizi ahal izan zuen.

Sailka antolatu dute erakusketa. Lehen solairuan, Felix Artetak itsasoari eskaini zizkion margolanak daude ikusgai, baita erlijioari zein politikari aipamena egiten dioten ale batzuk ere. Beheko solairuan, berriz, azoka, festa eta landa giroari buruz margotu zituen piezak zintzilikatu dituzte. Eta goikoak, hiria, haren pertsonaiak eta burgesia txikia gai moduan hartuta egindako margolanak jasotzen ditu.

Abangoardia eta tradizioa nahasten ditu artistak, baina haren erreferentziak nahiko argiak dira, Kortadiren irudiko: «Bere joskera eta poetika XX. mende hasierako joera novecentista-ren eta 1920eko eta 1930eko hamarkadetako art deco-aren eta dekoratibismoaren artean mugitzen da». Haren ikuspegia, komisarioaren ustez, «kostunbrismo errealistarena» da. «Eta umorea, ironia, eta baita sarkasmoa eta histrionismoa ere erabiltzen zituen ikuspegi horretan sakontzeko». Horren adibide argi dira bi margolan: La avería de la motocicleta-n, alkoholaren eraginez sudurra erabat gorrituta daukan apaiz bat agertzen da; Discusión en la comida-n, berriz, baserritar gehienak aulki batzuekin elkar joka ari dira.

Artistaren mailaren eta estiloaren berri ematen dute bi ale baino ez dira horiek. Hartara, Kortadik pentsatzen du erakusketak balioko duela Artetaren lana ezagutarazteko. Halere, haren obra ikusgai dago Madrilgo ABC museoan edo Bilbo Arte Ederretakoan, eta, gainera, Amerikako edota Europako bildumagile pribatuek ere haren piezak dauzkate. Bitxikeria gisa, Kortadirentzat ABC museoarentzako diseinatu zituenak dira ondoen landutakoak, «beharbada, ondoen ordaindutakoak zirelako».

Anaiaren itzalean baztertua

Baina bere garaian Felix Artetaren lanari ez zitzaion aitortzarik egin. «Batetik, haren obra ez zelako behar bezala ulertua izan, eta, bestetik, anaiaren itzalean bizitzera kondenatua egon zelako. Horregatik, diruz-eta larri ibili zen beti». Felix Artetak berari bezala, beste artista batzuei ere anaiaren itzalean bizi eta lan egin beharra egokitu zaie. Hori da, adibidez, Gonzalo Txillidaren kasua, Antonio Oteizarena, Ramon Zubiaurrerena...

Kortadik badaki Artetak hori dela-eta asko sufritu zuela. Baina Donostian haren lanek «onespena» eduki zutela iruditzen zaio. 17 urtez bizi izan zen Grosen, eta hirian erakusketa bat jartzeko arrazoi bat gehiago irizten dio horri.

Bilbon hil zen Felix Arteta, 1986an. Baina ez zen, anaia Aurelio bezala, han jaioa; Valladoliden (Espainia) sortua baizik. «Haren biografia gehienetan ez du hala jartzen», adierazi du Kortadik, «baina aita burdinbideko langilea zuen, eta Valladolidera lanera bidali zutenez, han jaio zen Felix».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.